Gizartea -

KORONABIRUSA

Ospitaleetako egoerak hobera egin du Euskadin, baina gora egin dute gainerako adierazleek eta hildakoek

Pandemiak 25 hildako utzi ditu, aurreko astean baino zortzi gehiago. Intzidentzia metatua 54 puntu igo da, R0a 1,19ra igo da eta 4.000 positibo berri baino gehiago erregistratu dira, astebete lehenago baino 1.100 gehiago. Aldiz, 276 pertsona daude ospitaleratuta.

Basurtuko ospitalea. Artxiboko argazkia: EITB Media.
Basurtuko ospitalea
Basurtuko ospitalea. Artxiboko argazkia: EITB Media.

Naiara Ballesteros| EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetako egoerak hobera egin du azken astean, baina gainerako adierazleek eta hildakoen kopuruak bilakaera negatiboa izan dute.

Horrela, joan den astean 25 pertsona hil ziren Euskadin covid-19aren ondorioz, hau da, astebete lehenago baino zortzi gehiago, 17 zenbatu baitzituzten orduan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak apirilaren 18a eta 24a arteko koronabirusaren datuak bilduz kaleratu duen txostenaren arabera.

ZIUetan 12 pertsona daude ospitaleratuta; beraz, aurreko igandean baino bi paziente larri gutxiago daude. Gela arruntetan ospitaleratutako pertsonen datua ere txikiagoa da: 264 pertsona daude, aurreko astean baino 37 gutxiago.

Guztira 276 gaixo daude EAEko ospitaleetan, eta 315 ziren apirilaren 17an.

Apirilaren 11 eta 17a bitartean, 4.343 koronabirus kasu berri erregistratu zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko astean baino 1.141 gehiago. Positibotasun-tasari dagokionez, egindako probekin alderatuta kutsatutakoen kopurua islatzen duena, aurreko astekoaren antzekoa da (% 14,3), baina ostiralean % 23,5era iritsi zen.

Test gehienak 60 urtetik gorakoen artean egin ziren. Poblazio tarte horretan, 2.482 positibo baieztatu zituzten, eta aurreko astean, berriz, 1.980.

100.000 biztanleko 14 eguneko positiboen intzidentzia metatuak gora egin du berriro, eta 358,29 kasukoa da. Datuak lurraldez lurralde aztatertuta, Arabak du intzidentzia handiena, gaur egun 414,01 kasukoa baita, aurreko astean 358,28koa izan ondoren; Bizkaian intzidentzia metatua 345,24koa da, duela zazpi egun 279,25 kasukoa izan eta gero; eta txikiena Gipuzkoan dago, 341,22 kasukoa baita, duela astebete 297,13koa izan ostean.

Zazpi eguneko intzidentzia metatua, epe laburrean zer gerta daitekeen adierazten duena, 198,02koa zen atzo, aurreko asteko 146 kasuen aldean.

R0 indizeari dagokionez (birusaren birsorkuntza ahalmena adierazten duen zenbakia), ostiralean 1,24ra igo ostean, igande honetan 1,19koa zen. Egoera okertu egin da Bizkaian, birusaz kutsatzeko gaitasuna hazi egin baita eta 1,22an baitago; ondoren, Gipuzkoa (1,17) eta Araba (1,15) daude.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Osasun larrialdia Covid pasaportea