Gizartea -

Sanferminak

Zabalik dago entzierrilloak ikusteko zozketan parte hartzeko epea

Ostiralera arte izango da zabalik (hilaren 10era arte). Herritarrentzako Arretaren telefonoari deituz edo Iruñeko Udalaren web-orriaren bidez egin ahalko da.

Entzierrilloak 22:00ak aldera egiten dituzte. EITBren bideo batetik hartutako argazkia.
Entzierrilloak 22:00ak aldera egiten dituzte.
Entzierrilloak 22:00ak aldera egiten dituzte. EITBren bideo batetik hartutako argazkia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazken honetan, hilaren 8an, Iruñeko Udalak ireki egin du epea entzierrilloaren baimenen zozketarako izena emateko. Zozketaren helburua da herritarrek ikusi ahal izatea nola igotzen diren zezenak eta mantsoak Gaseko ukuiluetatik Santo Domingoko ukuiluetara.

Interesa duten herritarrek bi bide dituzte izena emateko: bata da Herritarrentzako Arretaren telefonoari deitzea (010 da; 948 420 100, Iruñetik kanpo deituz gero); bestea, Udalaren web-orriaren bidez egitea. Epea ostiralean amaituko da, hilaren 10ean.

Udalak 175 baimen bikoitz zozkatuko ditu, sanferminetako egun bakoitzeko, uztailaren 6tik 13 bitartean; hortaz, guztira, 350 lagunek ahalko dute ikusi. Zezenak aurreko gauean lekualdatzen dituzte, korrikalaririk gabe, 22:00ak aldera.

Zezenek 440 metro inguru egiten dituzte bi ukuiluen artean. Artzainak atzean joaten dira, ziurtatzeko bidea jarraitzen dutela.

Zozketaren baldintzak

Zozketan parte hartzeko, nahikoa da izatea NANa, Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia, pasaportea edo beste herrialde bateko nortasun-agiria. Ez dago adin-mugarik, eta ez da zertan Iruñean erroldatuta egon. Izen-deiturak eman beharko dituzte, eta telefono-zenbaki bat, edo posta elektronikoa; zozketan zorterik izatekotan, hala, Udala harremanetan jarriko litzateke.

Eskatzaile bakoitzak posta elektronikoa edo SMSa jasoko du, inskripzio-kode batekin. Herritar guztiek inskripzio bana egin ahal dute gehienez. Hain zuzen, epea amaituta, eskariak aztertuko dituzte, baieztatzeko bikoiztasunik ez dagoela. Errepikatutako inskripzioak egongo balira, ezabatuko lirateke, bakarra utzita.

Zozketa ekainaren 15ean egingo dute, eta irabazleek SMS edo posta elektronikoa jasoko dute, ekainaren 15etik 17 artean. Baimenak ekainaren 20tik 23 artean jaso ahalko dituzte Civivox Condestablen, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Jasotzeko epea amaituta hartu gabe dauden baimenak itxaron-zerrendako lagunen artean banatuko dituzte, zozketaren ordenari jarraituz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Nafarroa Sanferminak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Jaiak Sanferminetako entzierroa Iruñeko Udala albisteak