Gizartea -
BERO-BOLADA
Euskadin ekaineko tenperatura maximoen markak hautsi ditu
Bero-boladak 35 ºC-tik gorako balioak utzi ditu lau egunetan jarrian barnealdeko zenbait lekutan. Oletan (Amoroto), Añarben (Oiartzun) eta Santa Klaran (Donostia) mende honetako tenperatura maximoen urteko errekorrak gainditu dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskalmetek bero-bolada honetan erregistratu dituen tenperatura maximoek nabarmen gainditu dituzte ekaineko aurreko errekorrak. Bizkaiko eta Gipuzkoako estazio batzuk mende honetan erregistratutako urteko tenperatura maximo absolutuetara iritsi dira.
Bero-boladak 35 ºC-tik gorako balioak utzi ditu lau egunetan jarrian barnealdeko zenbait lekutan, eta bi gau tropikal Euskadin.
Ekainaren 18an Bizkaiko, Gipuzkoako eta Araba iparraldeko leku askotan erregistratutako tenperatura maximoak 40 gradura heldu ziren, baita 42ra ere Euskalmeten sareko zazpi estaziotan. Gardeako estazioan (42,4 ºC), Orozkon (41,9 ºC) eta Behobian (42,2 ºC) aurreko markak gradu batean baino gehiagoan gainditu dituzte.
Aldi berean, Bizkaiko eta Gipuzkoako estazio batzuetan erregistratutako balioek mende honetako tenperatura maximoen urteko errekorrak gainditu dituzte; adibidez, Oletan (Amoroto) 42,2 ºC, Añarben (Oiartzun) 41,5 ºC edo Santa Klaran (Donostia) 40,2 ºC.
Euskalmeten arabera, tenperatura minimoak ere altuak izan dira. Horrela, bi gautan jarraian balioak ez ziren 18-22 ºC-tik jaitsi. Tenperatura minimo altuenei dagokienez, Paganoseko (Guardia) estazioak 22 ºC neurtu zituen, eta Zorrotzan (Bilbo) 21,8 ºC izan zen tenperatura minimoa. Bi balioak hilaren 17an erregistratu ziren.