Gizartea -
Suteak prebenitzeko araudia
Uzta-makinen erabilera arautuko duen foru-agindu berria sartuko da indarrean astelehen honetan, Nafarroan
Besteak beste, beroagatik abisua horia denean, ezin izango da lanik egin uzta jasotzeko makinekin 14:00ak eta 18:00ak artean; alerta laranja edo gorriarekin, berriz, makinek ez dute lanik egingo.
A. O. | EUSKADI IRRATIA | EITB MEDIA
Eguraldi-baldintza jakin batzuetan suteak eta baso-suteak prebenitzeko helburuz, uzta jasotzeko makinen erabilera arautuko duen foru-agindu egokitua kaleratu du Nafarroako Foru Gobernuko Nekazal Garapenerako eta Ingurumen Sailak.
Astelehen honetan indarrean sartuko den araudi berriaren arabera, uda sasoian, beroagatik abisua horia denean, ezin izango da lanik egin uzta jasotzeko makinekin 14:00ak eta 18:00ak artean; alerta laranjarekin edo gorriarekin, berriz, makinek ez dute lanik egingo alerta horrek dirauen bitartean.
Gainera, suteari bidea mozteko duen lanabesa edo 1.000 litroko ahalmena duen ur-ontzia eraman beharko dute, eta kontu handiz ibili hirigunetik edo basotik gertuko landetan.
Nekazarien erantzuna
Bestalde, nekazariek haserre puntu batekin hartu dute foru-agindu berria. Felix Bariain Nafarroako UAG sindikatuko presidenteak Euskadi Irratia-ri egindako adierazpenetan esan du Nafarroan izandako azken 12 suteetatik bi bakarrik izan zirela kosetxadoreen lanaren ondorioz.
Gogoratu du makina horiek euren lana egin behar dutela zerealak biltzeko, oraingoz ez baita sistema hoberik lortu. Bariainek salatu duenez, eurek suari aurre hartzeko neurriak badituztela, eta Administrazioa dela bere lana egiten ez duena.
Azken hamarkadako sute larrienak izan ziren joan den ekainean Nafarroan: 10.000 hektarea baino gehiago kiskali ziren, eta dozenaka udalerri hustu behar izan zituzten.