Gizartea -
EGURALDIA
Hemen da udako lehen beroaldia
Iragarpenaren arabera, bihar 40 graduren bueltan ibiliko dira termometroak Nafarroako hegoaldean. Asteazkenean, berriz, alerta laranja ezarri dute Araba ia osoan, muturreko tenperaturak medio.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Eguzkia eta beroa izango dira aste honetako protagonistak; izan ere, iragarpenaren arabera, Euskal Herriko txoko askotan 35 graduak gaindituko dira datozen egunotan, eta, zenbait tokitan, gainera, 40 graduren bueltan ibiliko dira termometroak. Alerta laranja ezarri dute biharko Nafarroa hegoaldean eta, asteazkenerako, ia Araba osoan.
Gaur, dagoeneko, hasi gara beroaldiaren zantzuak nabaritzen, goiza ohi baino epelago hasi baita zenbait tokitan. Euskalmetek abisu horia ezarri du gaurko, astelehena, 14:00etatik 20:00etara Arabako lautadan eta hegoaldean; izan ere, inguru horretan, 35 gradutik gorako tenperaturak izango dituzte.
Halaber, Euskal Meteorologiaren Agentziak zehaztu du barnealdean ere bero egingo duela eta 30 graduak gaindituko direla. Kostaldean, baina, tenperatura freskoagoak izango dira, 27 gradu ingurukoak. Nafarroa hegoaldean ere bero egingo du gaur eta 35 graduak gaindituko dira. Ondorioz, abisu horia ezarri du gaurko Aemetek.
Asteak aurrera egin hala bero handiagoa egingo du, eta, astearterako, tenperaturak bizpahiru gradu igotzea espero da. Abisu horia indarrean egongo da Araba ia osoan, bero handia izango baita. EAEko barnealdean 35 gradutara iritsiko da termometroa. Nafarroa hegoaldean, aldiz, alerta laranja ezarri dute biharko, 40 graduak gaindituko direlako.
Asteazkenerako, bero handia espero da, batez ere Araban. Gauzak horrela, alerta laranja ezarri du Euskalmetek 13:00etatik 21:00ak arte, 40 graduen bueltan ibiliko baitira. Nafarroan ere bero handia egingo du, eta alerta laranja izango da indarrean Nafarroa erdialdean, ia 40 gradutara helduko baitira termometroak. Barnealdean ere abisu horia ezarriko dute, iragarpenak baitio litekeena dela 35 graduak gainditzea. Kostan, baina, tenperatura ez da 30 gradutara iritsiko.
Bero egingo duenez, sute arrisku handia dagoela iragarri dute, bai Euskalmetek, bai Aemetek, eta abisu horia ezartzeaz gain, tentuz ibiltzeko dei egin dute.