Gizartea -

SANFERMINAK 2022

Iruñea prest da sanferminei merezi moduan agur esateko

Udaletxe Plaza jaien epizentroa izango da ostegun honetan ere, San Ferminen azken egunean, Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren agurrarekin eguerdian eta 'Gaixoa Ni'rekin gauerdian.

2014ko "Gaixoa Ni". Artxiboko argazkia: Efe
2014ko "Gaixoa Ni". Artxiboko argazkia: Efe
2014ko "Gaixoa Ni". Artxiboko argazkia: Efe

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

San Ferminen Zortziurrenak, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren agurrak eta eitb.eus-en zuzenean eskainiko den "Gaixoa Ni" ekitaldiak amaiera emango diote gaur, osteguna, 2022ko sanferminei. Uztailaren 14a, baina, berezia izan ohi da iruindarrentzat eta aurten ere Udalak egitarau zabala prestatu du egun horretarako.

Miura ganadutegiko zezenen azken entzierroaren ondoren (gogoratu zuzenean ikusteko parada izan dela ETB1n eta eitb.eus-en), Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren txanda izan da, egunero bezala, 09:30ean atera baita. Ezpeletaren jauregitik abiatu eta Kale Nagusitik Udaletxe plazara joan da, han Zortziurrenaren desfilearekin  eta Udalbatzarekin bat egiteko. San Fermin kaperan, 11:00etan, berriz, elizkizuna egingo da.

Mezaren ondoren, Udalbatza Iruñeko udaletxera itzuliko da, eta harekin batera joango dira, besteak beste, La Pamplonesa, Erraldoi eta Buruhandien konpartsa eta udal-dantzariak. Udaletxe plazan konpartsak zenbait dantza eskainiko dizkio hiriari.

Sanferminetako tradizioan festen azken egunean jada erroturik dagoen beste hitzorduetako bat 'kulturen kalejira' da. 18:00ak aldera abiatuko da Descalzos eta San Lorentzo kaleen elkargunetik, eta Alde Zaharreko hainbat kaletan barna ibili ondoren, 20:30ak aldera, Gazteluko plazara iritsiko da.

Su artifizialen ondotik eta udaletxeko ordularian 24:00ak jotzearekin bat, festen amaiera iritsiko da Udaletxe plazan. Tokia kandelekin argiztatuko da eta Iruñeak 'Gaixoa Ni' abestuz agur esango die bederatzi egun luzeri, zapiak askatu bitartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Iruñeko Udala