Gizartea -

Donostiako Aste Nagusia

Goiak "guztion konpromisoari" dei egin dio jaietan eraso matxistarik egon ez dadin

Donostiako alkateak Boulevard Zumardiko kioskoan paratu duten "puntu morea" aurkeztu du. Horren hitzetan, "hilabete luzetan egindako lanaren adierazgarri bat da".

Boulevard Zumardian jarri duten "puntu morea". Argazkia: Donostiako Udala
Donostiako "puntu morea".
Boulevard Zumardian jarri duten "puntu morea". Argazkia: Donostiako Udala

E. G | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Goia Donostiako alkateak dei egin dio "guztion konpromisoari" Aste Nagusian eraso sexistarik egon ez dadin. "Gure jarreraren arabera daude gauza asko, eta nik uste, guztiok lagun dezakegula apur bat horrelakorik ez gertatzeko, eraso sexistarik ez egoteko", erantsi du. 

Alkateak agerraldia egin du goizean Udaleko beste ordezkari batzuekin Boulevard Zumardiko kioskoan paratu duten "puntu morea" aurkezteko. Horren aburuz, "hilabete luzetan egindako lanaren adierazgarri bat da". 

Azaldu duenez, "aldez aurretik lan bat egin da sentsibilizazioan, informazioa eskaintzean, eta baita horrelakorik gertatu ez dadin saihesteko lanaren inguruan ere. Nahiago genuke "puntu more" hau erabili behar ez izatea, baina zoritxarrez, beste leku batzuetan ikusi duguna ikusita, litekeena da erabili behar izatea, eta horretarako ere prest egon beharra daukagu, edozein egoera ematen dela ere". 

"Puntu morea" larunbatean irekiko dute, 19:00etan

Donostiako Udalak eraso matxistei aurre egiteko protokoloa aurkeztu zuen atzo. Aurtengo protokoloa Mugimendu Feministekin eta Donostiako Piraten kolektiboarekin batera egin du Udalak, eta, bertan jasota dagoenez, Boulevardeko prentsa kiosko zaharra "puntu more" modura irekiko dute. Hortaz, emakume batek erasoren bat pairatzen badu, horra jo beharko du.

Aste Nagusian, Zurriolako hondartza izaten da puntu beltzetako bat; hori dela eta, argiztapen berezia izango du, lau argi-dorre jarriko baitira.

Bestelakoan, protokoloa etxebizitzetan eta tabernetan banatu, eta gazteen artean 10.000 liburuxka zabalduko dituzte, harreman toxikoak saihestu eta erasoei nola aurre egin jakinarazteko.

Ane Oyarbide Berdintasuneko zinegotziak adierazi zuenez, "Udalak indarkeria sexistaren kontra sentsibilizatu nahi ditu donostiarrak; izan ere, desberdintasunak eragindako arazo sozial bat da indarkeria, eta, horregatik, erantzunak ere soziala izan behar du. Guztioi dagokigu errespetuzko, berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko jarrera bat sustatzea".

Aste Nagusian, bi hezitzaile ibiliko dira gazteak dauden tokietan horiek sentsibilizatzeko. 

Informazio eta material guztia webgune honetan aurki daiteke: ezezetzda.eus

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia albisteak Tratu txarrak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea