Gizartea -

Abuztuaren 13tik 30ra

Aste Nagusiak eztanda egin du Donostian

Kanoikadaren burrunbak eman dio hasiera ofiziala larunbat honetan Donostiako jaiei. Horrela, abuztuaren 13tik 20ra, ekitaldi kultural eta artistiko ugari izango dira hirian, eta horietaz gozatu ahal izango da mugarik gabe.

Donostiako Aste Nagusia iragartzen duen kartela, artxiboko irudian.
Donostiako Aste Nagusia iragartzen duen kartela, artxiboko irudian.
Festak eztanda egin du Donostian: ''Artillero dale fuego''k eta kanoikadak hasiera eman diote Aste Nagusiari

3:57

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pandemiak bi urte isilarazi ondoren, kanoiaren burrunba entzun da berriro larunbat honetan, Aste Nagusiaren hasiera iragartzeko. Union Artesanak, 2020an 150 urte bete zituen elkarte gastronomikoak, piztu du festa-metxa, duela bi urte agindu zioten bezala. Horretarako hautatuak Elias Arruabarrena eta Onintza Mokoroa artillaria izan dira, "kanoikada honek hiruna balioko duela" adierazi dutenak.

Burrunbaren ondoren, festa piztu da Gipuzkoako hiriburuan, eta zortzi egunez 400 ekitaldi baino gehiago izango dira hiri osoan zehar banatutako 30 bat gunetan.

Ekitaldi jendetsuenak Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa (57. edizioa), zortzi piroteknia lehiatuko dituena (horietako bat ukrainarra), eta Sagueseko gaueko kontzertuak izango dira. Bertan Izaro, Ariel Rot eta Kiko Veneno arituko dira, baita Zetak banda, La M.O.D.A., MITIC, Ana Guerra eta Green Valley ere.

Lehiaketa gastronomikoak ere ez dira faltako, bost guztira, non hiriko bizilagunek beren sukaldaritza-trebetasunak praktikan jarriko dituzten.

Aste Nagusi Pirata

Bestalde, "Biba festa! Biba eraldaketa!" lelopean, Donostiako Piratek ere Aste Nagusirako egitarau zabala antolatu dute. Egunean zehar, bazkariak, txarangak eta publiko guztiarentzako jarduerak eskainiko dituzte, eta musika ekitaldiak arratsalde-gauean izango dira.

Halaber, abuztuaren 15ean, astelehena, ehunka baltsak eta milaka piratek Abordaia mitikoa egingo dute Kontxako Badian.

Aurten, Bilgune Feministak botako du txupina, bere borrokaren 20. urteurrenean. Era berean, Boulevardeko informazio-postuan erreferentziazko gune bat jarriko dute lehen mailako arretako profesionalekin, sexu-erasoen aurrean aholkuak eta arreta emateko.

Jaiotan, piratek elkarbizitza, feminismoa, kontzientzia ekologikoa, euskara eta euskal kulturaren defentsa aldarrikatuko dituzte, izan ere, euren hitzetan, "jai herrikoiak gizarte beharrak asetzeko eskola paregabe bihurtzen dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Aste Nagusia Donostia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Aste Nagusiko kontzertuak Bilboko Aste Nagusiko egitaraua