Gizartea -

Algecirasko badia

Erregaia ateratzen hasi dira Gibraltarren hondoa jo duen ontzitik, eta Poliziak pertsona bat atxilotu du

Gibraltarko Portu Agintaritzak baieztatu du ontziak fuel olio isuria izan duela gaur, eta Gibraltarko Gobernuak jakinarazi du fuel "kopuru txiki bat" atera dela ezarritako babes hesitik harago.

Isuriaren argazkia, airetik ikusita. Argazkia: EFE
Isuriaren argazkia, airetik ikusita. Argazkia: EFE
Isuriaren argazkia, airetik ikusita. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den astelehenean, Algecirasko Badian hondoa jo zuen zuen OS 35 ontzitik erregaia ateratzen hasi dira larrialdietako taldeak arratsalde honetan.

Gainera, Gibraltarko Errege Poliziak pertsona bat atxilotu du gertakariarekin lotuta. Gibraltarko Gobernuak ohar labur batean azaldu duenez, pertsona bat atxilotu dute, baina ez du argitu kapitaina den ala ez. Gibraltarko ministro nagusi Fabian Picardok goizean adierazi duenez, kapitainak ez zien jaramonik egin Gibraltarko Portuko Agintaritzaren jarraibideei, baina une horretara arte ez zuten inor atxilotu horregatik.

Gibraltarko Portu Agintaritzak baieztatu duenez, ontziak fuel olio isuria izan du gaur, eta, Gibraltarko Gobernuak ohar batean azaldu duenez, fuel "kopuru txiki bat" atera da ezarritako babes hesitik harago. 

Inguruan datuen erreskate taldeek, baina, isuria nondik gertatu den topatu ahal izan dute. Antza, ontziaren erregai tankeen arnasguneetako batean zuloa egin da. Arnasguneak zigilatuta zeuden, baina ontziaren parte bat hondoratzean, zati bat askatu da.

Exekutiboaren arabera, urpekariek zuloa berriro estali dute, eta, hortaz, isuria "geldiarazteko prozesuan" ari dira jada.

Gibraltarko Portu Agintaritzako zein Espainiako Itsas Salbamenduko taldeak ari dira isuria kontrolatzeko lanetan. Horretarako bigarren hesi bat jarriko dute, fuela gehiago barreia ez dadin. Era berean, hainbat skimmer (uretara jausitako hidrokarburoak biltzeko gailuak) erabilita, fuel olioa biltzen ari dira. 

OS35ek 215 tona fuel olio astun, 250 tona gasolio eta 27 tona olio lubrifikatzaile ditu. Adam LNG ontziarekin talka egin zuen astelehenean Algecirasko Badiatik ateratzeko maniobrak egiten ari zenean. Portu Agintaritzak Gibraltarko haitzaren ekialderantz zuzendu zuen OS35 ontzia, bertan ibilgetu, eta hondoratzeko arriskua ahal zen neurrian murrizte aldera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Erresuma Batua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Euskal Herriko kutsadura Erregaiak