Gizartea -
2022ko uda Euskadin
Eusko Jaurlaritzak irailaren 21ean gogoratuko ditu covid-19aren ondorioz hildako 7.900 pertsonak
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, bestalde, udaren balantze positiboa egin du. Hala ere, hilabeteotan sexu erasoengatik jarritako salaketak izan ditu gogoan, "jaiak lausotu dituztenak".
eitb media
Eusko Jaurlaritzak datorren irailaren 21ean egingo du Gasteizen covidaren ondorioz Euskadin hildako 7.900 pertsona baino gehiago gogoratzeko ekitaldia. Hirugarren urtez antolatu da oroimen egun hori.
Hala adierazi du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu bileraren ostean emandako prentsaurrekoan. Ekitaldia 9:30ean izango da, Sempervirens parkean. Arabako hiriburuaren erdigunean dago, eta 2020an egokitu zuten oroimen leku bihurtzeko eta Euskadin covidaren ondorioz bizia galdu duten guztiak oroitzeko.
Ekitaldiak osasun arloko profesionalen eta oinarrizko zerbitzuetako langile guztien lana eta boluntarioen ahalegina aitortzeko ere balioko du, Zupiriaren esanetan. Gaixotasun hori oraindik aktibo dagoela gogorarazi du Zupiriak. "2020ko martxotik 7.903 pertsonak galdu dute bizitza. Beraz, hori da gaitz honek utzi duen sufrimendua eta egokia iruditzen zaigu horiek gogoratzea eta konpromisoa indarrean mantentzea", azaldu du Jaurlaritzako bozeramaileak.
"Jaiak jendetsuak, parte hartzaileak eta lasaiak izan dira"
Uda amaitzeko egun gutxiren faltan, balantze positiboa egin du Zupiriak. Jaiak "jendetsuak, parte hartzaileak eta lasaiak izan dira", nahiz eta "aurretik genuen erronka segurtasunaren aldetik askoz handiagoa izan, pertsonen fluxua eta kontzentrazioa ere askoz handiagoa izan baita". Sexu erasoengatik jarritako salaketak izan ditu gogoan, zenbaitetan "jaiak ere lausotu dituztenak".
Ziztadei dagokionez, gogorarazi du 127 biktima zenbatu direla uztailetik orain arte, baina salaketa gutxi jarri direla nabarmendu du: 49, hain justu. "Oso garrantzitsua da azpimarratzea kasu bakar batean ere ez dela substantzia toxikoen arrastorik aurkitu ziztaden ondoren", gaineratu du. Kazetarien galderei erantzunez, ez dagoela antolatutako inongo sarerik azpimarratu du, eta, oraingoz, aurkeztutako salaketek ez dutela inolako inputazio edo erabaki judizialik ekarri.
Euskadiko turismoaren datu onak ere azpimarratu ditu Jaurlaritzako bozeramaileak: "Uztailera arteko datuak ditugu, eta esan dezakegu balantzea positiboa dela, 2019ko zifrak gainditu baitira, beharrezkoa zen sektore batentzat", adierazi du. Era berean, Euskadiko aireportuetan izandako jendetzari buruz atzo jakinarazi ziren datuak azpimarratu ditu, eta esan du uda osorako aurreikuspenak ezin hobeak direla.
Kulturaren alorrean, Zupiriak gogorarazi du kultura programazioa pandemiaren aurreko datuetara itzuli dela. "Uda osoan zehar jendea musikaz, arte eszenikoez, dantzaz... gozatzeko gogoz ikusi dugu", azpimarratu du. "Uda honetan 3.500 kultur ekitaldi egin dira, 2019an baino ia 1.000 gehiago, hau da, % 39 gehiago", azpimarratu du.
Ildo horretan, datozen hilabeteetarako erronka bota die herritarrei: udazkenari eta neguari begira ere, ahalik eta jende gehien gerturatzea zinemetara, antzokietara eta jaialdietara.