Gizartea -

Indarkeria matxista

Abantoko hiltzailea: "Ezin nuen gehiago, eta emazte-alabek ezingo lukete ni gabe iraun; hortaz, hil nituen"

Gizonak esan du arazo ekonomiko larriak zituela, eta asko edaten zuela. Aitortu du biak hil zituela: aurrena emaztea, lo zegoela, eta gero, alaba. "Asmoa hirurok hiltzea zen", erantsi du.

Emaztea eta alaba hil izana aitortu du gizonak epaiketak. Argazkia: EFE
Emaztea eta alaba hil izana aitortu du gizonak epaiketak.
Emaztea eta alaba hil izana aitortu du gizonak epaiketak. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abanton (Bizkaia) 2020ko martxoan emaztea eta alaba hiltzea egotzitako akusatuak esan duenez, "ezin nuen gehiago, eta emazte-alabek ezingo lukete ni gabe iraun, horregatik hil nituen". Izan ere, azaldu du finantza arazo larriak zituela eta, ondorioz, emakumeak "galzorian" utziko zituela; "gainera, emaztea itsu geratu behar zen", erantsi du. 

Haren kontra Bizkaiko Lurralde Auzitegian atzo abiatu zen epaiketan deklaratu du gizonak lehen egunean. "Ez dakit zergatik hil nituen horrela, bat-batean okurritu zitzaidan, asteak neramatzan neure buruaz beste egiteko pentsatzen", adierazi du. Hala, aitortu du bi emakumeak hil zituela: aurrena, emaztea, lo zegoen bitartean; eta gero, alaba. "Asmoa hirurok hiltzea zen", gaineratu du.

Zinpekoen epaimahai batek epaituko du hilketa matxista bikoitza. Aurreneko saioa izan da gaurkoa, eta akusatuaren deklarazioa entzun baino lehen, aldeek euren txostenak aurkeztu dituzte. Fiskaltzak 24 urteko kartzela zigorra eskatu du emaztearen hilketagatik, eta 23 urte, alabaren hilketagatik. Azpikeriaz egindako hilketen delitua egotzi dio fiskalak, ahaidetasun eta genero astungarriekin. Akusazio partikularrak eta herri akusazioak (Clara Campoamor elkartea) 25na urteko kartzela zigorra eskatu dute bi hilketengatik. Akusazioen arabera, "hilketa matxista erdeinagarria" izan zen, gizonak uste zuelako emakumeak "gutxiago eta ezgauza" zirela. Defentsaren arabera, ordea,  homizidio delitutzat jo behar dira biak, eta alkoholismo eta buruko gaixotasun aringarriak kontuan hartzea eskatu du. Azaldu duenez, gizonak agerraldi psikotikoa izan zuen eta "suizidio errukiorra" egin nahi izan zuen, hilketa eta gero bere buruaz beste egitea baitzuen asmo. Guztira, 16 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat. 

Gizonezkoak adierazi du ez dituela hilketaren une batzuk gogoratzen (adibidez, alabari hil ondoren lepoa mozteko ahalegina egin izana). Azaldu duenez, 2020ko martxoaren 10 hartan "ardo botila bat eta erdi" edan zuen goizean, eta segidan, Santurtzin zuen higiezinen enpresara joan zen. Bazkal orduan, Sanfuenteseko auzora (Abanto) itzuli eta hainbat tabernatan ibili zen. Ondoren, etxera joan eta bi emakumeak hil zituen, kontatu du. Gizonaren arabera, "Miren (emaztea) lo ikusi nuenean, sukaldean zegoen borra bat hartu, eta ezin izan nion hura hiltzeko gogoari eutsi. Uste nuen ezin genuela horrela bizi". Bere testigantzaren arabera, emaztea hilda zegoela "baieztatu" ondoren, etxebizitzako bigarren pisura igo zen, eta alabari eskuak eta hankak lotu zizkion: "Bahiketa baten biktima ginen plantak egin behar genituela esan nion, eta alabak onartu zuen". Ondoren, modu bertsuan hil zuela adierazi du.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Bizkaia Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Abanto Zierbena Matxismoa