Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Poliziaren esku jarraitzen du Santurtzin bikotekidea hiltzen saiatzeagatik atxilotutako gizonezkoak

Bestalde, Santurtziko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak erasoa gaitzetsi, eta elkarretaratzea egin du gaur eguerdian.

Santurtzi, gaur. Argazkia: EITB Media
Santurtzi, gaur. Argazkia: EITB Media
Santurtzi, gaur. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bikotekidea labana batekin hiltzen saiatzea egotzita, Santurtzin, atzo, igandea, atxilotutako 37 urteko gizonezkoak Ertzaintzaren esku jarraitzen du, epailearen aurrera noiz eramango zain.

Santurtziko etxebizitza batean izan zen erasoa atzo goizean. Ertzaintzak jakitera eman zuenez, erasotzaileak hainbat zauri egin zizkion lepoan eta besoetako batean emakumeari labana batekin, eta leihotik behera botatzearekin mehatxu egin zion. Biktima Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, larri zaurituta. 

Bere aldetik, Santurtziko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak gaur erasoa gaitzetsi du, talde guztiek aho batez onartu duten ohar baten bidez. Adierazi dute erasoek herri horretan ez dutela lekurik.

Halaber, elkarretaratze isila deitu dute 12:00etarako, Udalaren atarian, eta dozenaka herritarrek hartu dute parte.

"Santurtzin eraso matxistarik ez!" leloa zuen pankartari eusten, besteak beste, Aintzane Urkijo Santurtziko alkatea eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria egon dira.

Azken horren hitzetan, herritarrek eta erakundeek elkarrekin eman behar diote erantzuna indarkeria matxistari. Prebentzioan eta sentsibilizazioan jarri du azpimarra, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko. "Erakundeek egitura oso zabalak ditugu, baina prebentzioa eta sentsibilizazioa dira garrantzitsuenak jarrera matxistak ekiditeko. Eraldaketa soziala behar da halako elkarretaratzeen beharrik ez izateko", esan du.

Ildo beretik mintzatu da Urkijo ere. Haren arabera, indarkeria mota guztiak salatzeko lanean jarraituko dute Udalean, indarkeria hori datorren lekutik datorrela.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Herriak eta Hiriak Santurtzi Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa