Gizartea -
HEZKUNTZA LEGEA
Euskal Eskola Publikoaren aldeko aldarri ozena Bilbon
Jendetza bildu da Bilbon Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deitutako protestan; sare publikoa zabaltzea, eskola pribatuen ituna murriztea, auditoriak handitzea eta publifikazioa ahalbidetzea izan dute aldarri.
Olatz Prat | EITB Media
Etorkizuneko Hezkuntza Legearen norabidea aldatu eta hezkuntza publikoa ardatz izango duen sistema aldarrikatu dute milaka lagunek larunbat arratsaldean Bilbon, Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak deitutako manifestazioan.
Ikasleen sindikatuek, familien eta irakasleen elkarteek eta LAB, Steilas, CCOO eta ESK sindikatuek osatzen dute plataforma eta hezkuntza lege berrian eskola publikoa hezkuntza sistemaren benetako ardatz gisa hartzen ez dela uste dute, hortik gaurko protesta.
Salatu dutenez, legearen aurreproiektua "pribatizatzailea da, ez du segregazioaren arazoarekin amaitzen, adoktrinamendua onartzen du eta euskararen normalizazioan atzerapausoa dakar".
Hala, EEPH Topaguneak, milaka herritarren laguntzaz, sare publikoa zabaltzea, eskola pribatuen ituntzea murriztea, auditoriak areagotzea eta publifikazioa ahalbidetzea eskatu du Bilboko kaleetan.
Plataformaren arabera euskal hezkuntza legearen aurreproiektuak "ez die erantzun egokirik ematen" eskola publikoaren beharrei, nahiz eta horren aldeko "adierazpen batzuk" jasotzen dituen.
"Duela zenbait urtetatik" Hezkuntza Saila sare pribatuaren aldeko neurriak hartzen ari dela salatu du, eskola publikoa "desmantelamendu progresiboa" jasaten ari den bitartean. Plataformaren ustez, lege berriak eskola publikoa eta pribatua parekatu nahi ditu, horrek "datozen belaunaldiek eskola publikoan ikasteko aukera galduko" dutela deitoratu du.
Horregatik, eskola publikoa "hezkuntza sistemaren benetako ardatz" izatea eskatu du, "hezkuntza euskaldun parekide bat lortzeko" helburua ere izango duena.
Ildo horretan, eskola-plazen eskaintza errealitatera egokitzea eta "sare pribatuaren gehiegizko eskaintza" ez hitzartzea ere eskatu dute, bai eta eskola publikoari behar adina baliabide eskaini eta euskaran "pauso bakar bat atzera ez ematea" ere, eskola publikoa delako "ikasle gehien euskalduntzen dituena".
Era berean, legeak "erlijioaren eskaintza derrigorrezkoa" mantentzea kritikatu du, bai eta "ideario erlijiosoa duten ikastetxeei finantziazio bera eskaintzea ere". "Bada garaia erlijio, edozein dela ere, eskoletatik kanpo uztekoa", gehitu dute.
Maribel Lopez de Luzuriaga plataformako bozeramaileak protesta hasi aurretik komunikabideei egindako adierazpenetan adierazi duenez, euskal eskola publikoa da "benetako kohesio soziala bermatzen duena", eta baztertu egin du eskola publikoa eta pribatu-itaundua "maila berean" kokatzen dituen aurreproiektu bat, publikoak baliabide gehiago izan beharko lituzkeelako.
"Argitaratutako dekretuen arabera, sistema duala blindatu eta itunpeko eskola pribatua egun dagoena baino gehiago finantzatu nahi da", berretsi du.
Deitzaileek, besteak beste, Gasteizko, Oiongo, Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeko, Astigarragako, Amurrioko, Donostialdeko, Lasarte-Oriako eta Ordiziako hezkuntza plataformak, Steilas, CCOO eta ESK sindikatuak, eta Ikasle Sindikatua, Ikasle Abertzaleak, Ikama, Ikasle Ekintza eta Gazte Komunistak bezalako ikasle elkarteak, ohartarazi dute etorkizuneko legearekin "hezkuntza komunitatearen papera bigarren maila batean" geratuko dela.
ELA, LAB eta CNT sindikatuek ere bat egin dute martxarekin eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko kideek ere parte hartu dute. Martxa 17:30ean hasi da, Hezkuntza Ordezkaritzatik, eta Bilboko Udalean amaitu da. Bertan, komunikatu bat irakurri dute, Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren aurka, eta alderdi politikoei eskatu diete "norabidea" alda dezaten.