Gizartea -

indarkeria matxista

300 ikus-entzunezko lan aurkeztuko dituzte aurtengo Beldur Barik lehiaketara

Datorren abenduaren 2an egingo dute sari banaketa Sestaon, eta Izaro abeslaria izango da bertan.

Aurtengo ekimenaren aurkezpena. Argazkia: Eusko Jaurlaritzako Berdintasun Saila
Aurtengo ekimenaren aurkezpena. Argazkia: Eusko Jaurlaritzako Berdintasun Saila
Aurtengo ekimenaren aurkezpena. Argazkia: Eusko Jaurlaritzako Berdintasun Saila

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazteen arteko genero indarkeria prebenitzeko Beldur Barik programaren 13. edizioa aurkeztu dute gaur goizean Sestaoko Musika Eskolan. EAEko tokiko erakundeetako hainbat ordezkari izan dira bertan.

Ikus-entzunezko lehiaketa da programaren jarduera nagusia eta ezagunena. Lehiaketa horretan, 12 eta 20 urte bitarteko gazteek emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eta berdintasunezko gizarte baten aldeko jarrera erakutsi behar izango dute.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak jakitera eman duenez, aurten, ikus-entzunezko 300 lan baino gehiago aurkeztu dituzte, gehienak taldean egindakoak. Hain zuzen ere, lanak taldean egitearen garrantzia nabarmendu du, "sorkuntza-prozesua bera emakumeen aurkako indarkeriari buruz elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bihurtzen baita".

Artolazabalen hitzetan, "joan den astean Gazteriaren Euskal Behatokiak emandako datuen arabera, emakume gazte gehienak beldurrez itzultzen dira etxera, eta, horrek erakusten du neska-mutil gazteei zuzendutako programak ezinbestekoak direla oraindik".

Ikastetxeetatik gehienak

Bestalde, Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, azpimarratu du lan gehienak (% 89,7) ikastetxeetatik datozela, eta horrek erakusten duela hezkuntzaren eremuan berdintasunari eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioari lotutako materialen eskaria dagoela.

Esan duenez, "hori kontuan hartu beharko dugu, baita mutilekin lan egiteko eskari espezifiko bat dagoela ere; izan ere, oro har, programaren ebaluazioan egiaztatu dugun bezala, interes eta ezagutza gutxiago dute mutilek gaiaren inguruan".

Elgarrestaren hitzetan, "garrantzitsua da mutilak berdintasunaren alde inplikatzea, gizonak inplikatzea beharrezkoa den bezala, eta hori ere egiten ari gara erakunde guztiok batera, azaroaren 25ean bultzatuko dugun kanpainaren bidez".

Topaketa

Abenduaren 2an Sestaon egingo den Topaketa zortzi tailerrekin hasiko da 18:00etan. Tailer horietan autodefentsa feminista, dantzaren bidezko ahalduntzea, neskak eta bideojokoak, elikadura osasungarria, rap feminista eta maskulinitateak landuko dira, besteak beste.

Ondoren egingo den elkarretaratze baten ostean, Musika Eskolan sari banaketa egingo da, eta, bertan, Izaro abeslariak hiru kanta abestuko ditu zuzenean. Hain zuzen ere, Izarok eta Kai Nakaik, aurreko edizioari ahotsa eta musika jarri zion abeslariak, mezu bat zabaldu dute sare sozialen bidez, gazteak berdintasunaren aldeko urteroko hitzordu honetan parte hartzera animatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Herriak eta Hiriak Sestao argazkiak Bizkaia EAE Gizartea albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Matxismoa gaur Gazteak