Gizartea -
Elizako sexu-abusuak
70eko hamarkadan Santa Marina ospitalean apaiz baten sexu-abusuak jaso zituela salatu du emakume batek
Leonor Garciak eskutitz bat idatzi zion gotzainari bere kasuaren berri emanez. 1972an, 8 urte zituela, tuberkulosia artatzeko ospitalean aita Martinek sexu-abusuak egin zizkiola salatu du.
eitb media
Eliza katolikoaren barruan izandako sexu-abusuen beste bi kasuren berri izan du EITBk. Leonor Garciak salatu du aita Martinek sexu-abusuak egin zizkiola Santa Marina Bilboko ospitalean 1972an, 8 urte zituenean. Gaur Egun albistegian eskainiko dute kasuari buruzko informazio guztia, eta elkarrizketa biktimarekin.
Santa Marinan haurren tuberkulosi kasuak artatzen zituzten garai hartan, eta testuinguru horretan izan omen ziren apaizaren sexu-abusuak.
Bere kasuak ez zuenez aurrera egiten, orain dela bi aste eskutitza bidali zion gotzainari, kezka guztiak azalduz.
Leonor Garciak uste du Santa Marina pederastia kasuen putzu handi bat zela, eta erantzukizunak eskatzen ditu, egia guztia azaleratzea. Zazpi hilabetez jasan zituen abusuak, eta ondorio larriak izan ditu bere bizitzan.
Bere kasua kontatu zuenean, Barakaldoko emakume bat ipini zen berarekin kontaktuan, eta azaldu zion 10 urte arinago bera izan zen aita Martinen biktima.
Leonor Garciak kasu gehiago ateratzea espero du, eta erakundeek pausoak ematea.