Gizartea -
Neguko denboralea
Tenperaturen jaitsierak elurra ekar dezake euskal kostaldean, asteazkenean
Elur iragarpenen aurrean, Neguko Bidezaintza Plana "egoera iragankorrean" ezarri dute EAEn gaurdanik.
EITB MEDIA
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziako arduradun Jose Antonio Arandak eguraldiaren gorabeheren berri eman eta datozen orduetako iragarpena aurreratu du. Haren hitzetan, tenperaturak behera egingo du nabarmen, eta horrek elurra ekar dezake lurralde osoan; baita kostaldean ere. "Asteazkenean eta ostegunean ere euria egingo du, baina bereziki elurra", nabarmendu du.
Halaber, aurreratu du kostaldean kazkabar erauntsiak izango direla. 400 metro inguruan kokatuko da elur maila, iluntzetik aurrera. Ostegun arratsaldera arte, gutxienez, hotza izango da nagusi Euskal Herrian.
Bestalde, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendari Ricardo Ituartek esan du dena prest dutela denboraleari aurre egiteko. Dena den, uste du euri gutxiago egingo duela datozen orduetan, eta, beraz, uholde arriskua txikitu egingo dela.
Gasteizen maila altuenean ezarri dute larrialdi egoera
Kanpotik iritsitako laguntza ere izango dute Gasteizko udaltzainek bihar, larrialdi egoera maila altuenean ezarri baitute. Elurra kentzeko bost makina arituko dira lanean hirigunean, eta beste hamaika landa eremuetan. Gainera, Araba osoan banatuta, 21 kamioi ibiliko dira elurra kentzen, baita 45 traktore ere. Horrek zirkulazioa erraztuko du, elurra eta izotza pilatzen den lekuetan.
Bizkaian, elurra kentzeko 17 makina arituko dira 22:00ak arte, eta 30 handik aurrera. Bilbok ere plan berezia jarriko du martxan.
Gipuzkoan 87 kamioi ibiliko dira errepideetan elurra kentzen. Guztira, 11.400 gatz tona gorde dituzte asteazkenerako.
Neguko Bidezaintza Plana, "egoera iragankorrean"
Astearte honetan, 13:00ean aldatu dute Neguko Bidezaintza Plana "egoera iragankorrera". Hartara, elurra kentzeko 205 ibilgailu dituzte prest foru aldundiek biharko.
Babes neurri moduan, zazpi garabi astun izango dira errepide-sare nagusian, gurutzatuta gera litezkeen kamioiak bidetik kentzeko. Gainera, baliabide gehiago jarriko dituzte kudeaketa gelan eta telefono arretan, bai 011n (trafikoko arretan) bai 112an (larrialdien arretan), eta gidariei beharrezko informazioa emango diete, besteak beste, mezu aldakorreko panelen, webgunearen, sare sozialen eta beste hainbat baliabideren bitartez. Elurra kentzeko 205 makina arituko dira errepideetan lanean.
Uholdeak eta gorabeherak euskal errepideetan
Euria goitik behera, etengabe, ari du atzotik eta, ondorioz, gora egin dute azken orduotan Bizkaiko eta Gipuzkoako ibaien emariek. Egoera kontuan hartuta, Euskadiko Uholde Arriskuetarako Plan Bereziaren alerta-fasea aktibatu zuen atzo. Dena dela, gaur goizean egonkortu egin da egoera.
Ibaien mailan ez ezik, errepideetan ere arazo ugari sorrarazi dituzte euriteek: lur jausiak, bidera eroritako arbolak, eta ur putzuak. Ibilgailua hartu baino lehen, trafikoaren egoera kontsultatzeko gomendioa eman du Segurtasun Sailak.