Gizartea -
Protesta ekintza
Klimaren aldeko ekintzaileek Kongresuko mikrofonoari itsatsi dizkiote eskuak
Futuro Vegetal taldeko hiru kidek egin dute protesta. Ganaduzaleei dirulaguntzak emateari uztea eskatzen du mugimendu ekologista horrek.
EITB Media
Futuro Vegetal taldeko ekintzaile batzuek eskuak itsatsi dituzte Diputatuen Kongresuko mikrofonoan, klima aldaketaren inguruko protesta ekintza batean. Euren ustez, "landareetan oinarritutako elikadura baterantz trantsizio bat behar da, gure elikadura subiranotasuna bermatzeko eta kaos klimatikoari moldatzeko".
Taldeko hiru ekintzailek egin dute protesta. Horietako bi hizlarien lekura igo dira eta itsasgarriarekin lotu dira mikrofonora. Bestea Kongresuko presidentea egon ohi den tokira joan da eta taldearen bandera bat zabaldu du.
Kongresuko poliziek berehala eten dute protesta. Hirurak identifikatu dituzte eta, ondoren, ekintzaileak arazo barik atera dira ganberatik, EFEri Kongresuko iturriek jakinarazi diotenez.
Hiru ekintzaileak Kongresua ikusten bisita gidatu baten barruan sartu dira Parlamentura.
Sare sozialetan, protesta ekintzaren bideoa eskegi dute eta euren aldarrikapen nagusiak azaldu dituzte. Ganaduzaleei dirulaguntzak kentzea nahi dute, eta otsailera arteko epea eman diote Espainiako Gobernuari. Hala egin ezean, ekintzak gogortzen joango direla iragarri dute.