Gizartea -
Indarkeria matxista
Azagran bikotekidea hiltzen saiatzeagatik akusatutako gizonak esan du ez duela gogoratzen erasoaren unea
Santiago akusatuak fiskalari eta defentsari baino ez die erantzun, eta kontraesanak izan ditu deklarazioan.
Agentziak | EITB Media
Duela bi urte bikotekidea hiltzen saiatzea leporatu zioten Azagrako bizilagunak ez du gogoratzen erasoaren unea, nahiz eta emakumea oso larri utzi. Emakumeak azaldu duenez, ordea, gizonak makila metaliko batekin eraso zion, hilko zuela oihukatzen zion bitartean, hainbat urtez elkarrekin egon ostean.
Biek oso bertsio ezberdinak azaldu dituzte Nafarroako Lurralde Auzitegian hasi den epaiketan. Bertan, hiru egunez lekukoek, inplikatuek eta kasuko adituek deklaratzea aurreikusten da. Fiskalak, hilketa saiakera delitutzat jota, 14 urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatzen du. Akusazio partikularrek eta herri-akusazioek, berriz, 15 urteko espetxealdia eskatzen dute.
Santiago akusatuak fiskalari eta defentsari baino ez die erantzun, eta askotan esan du ez dituela gertakariak gogoratzen, baina "esnatu zenean", eskuan makila metaliko bat zeramala eta bere bikotekidea, Ana, lurrean etzanda zegoela ikusi zuen. "Ikustean konturatzen naiz zer gertatu den", erantsi duenez.
Hala ere, kontraesanak izan ditu. Emakumearengan zauririk ikusi ez zuela adierazi ondoren, "odol askorik" ikusi ez zuela esan du, nahiz eta Ana oso larri zauritu zen buruan eta gorputzeko goialdean kolpe ugari izan. Gainera, gela odolez oso zikinduta geratu zela onartu du, eta geroago aitortu du: "Gelatik joan nintzen, ezin nuen hura ikusi".
Anak, ostera, bere txandan kontatu du urteak zeramatzala banandu nahian, baina gizonak ez ziola uzten, eta gertakarien egunean berak eraso egin ziola inolako eztabaidarik gabe, ezustean sartu zelako bere gelan barra batekin oihuka: "Hil egingo zaitut, kokoteraino naukazu".
Ondorio fisiko eta neurologiko nabarmenak ditu, hasierako larritasuna gainditu eta ebakuntza kirurgiko batzuk egin ondoren. Anak deklaratu du, arrebaren eta Biktimen Bulegoko langileen lagunduta, baina ez du kontakturik izan akusatuarekin.
Azkenik, familia, lagunak eta auzokoak bat etorri dira adieraztean bazekitela emakumeak harremana amaitzeko eta banantzeko asmoa zuela, baina ez indarkeria fisikorik egon zenik, bai, ordea, ahozko indarkeria.