Gizartea -
Segurtasuna Euskadin
Kasuz kasu aztertuko du Jaurlaritzak 700 lagunetik beherako edukiera duten lokalei segurtasuna eskatu edo ez
Zehaztu gabe zegoen non jarriko zen muga, eta Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak gaur azaldu duenez, araudia aldatu gabe, lokal bakoitzak duen arriskuaren arabera hartuko da erabakia. Gaur bertan esaterako, Bilboko Brutal dantzalekuari segurtasun pribatua jartzeko eskatuko zaio.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak erabakiko du, kasuz-kasu eta gaueko aisialdiko lokal bakoitzaren inguruan izan diren gorabeheren eta ezaugarrien arabera, 700 pertsonatik beherako edukiera duten lokal eta dantzalekuek segurtasun pribatua jarri edo ez. Hala azaldu du gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak.
Argitu gabe zegoen aforo handiagoa edo txikiagoa izan, Euskal Autonomia Erkidegoko dantzaleku eta gaueko lokal guztiak behartuko ote dituzten segurtasun pribatua kontratatzea detektagailuak ezarri ahal izateko, bere garaian Erkoreka sailburuak iradoki zuen moduan. Gaur egun 700 lagunetik gorako edukiera dutenak daude soilik behartuta.
Erkorekak azaldu du ez dela egun indarrean dagoen araudia aldatuko aforoaren betebehar hori jeisteko, baizik eta legeak berak ematen duen beste formula bat erabiliko dela, kasuan kasu aztertu eta erabakitzeko segurtasun pribatua kontratatu behar duten ala ez, zenbaterainoko arriskua dagoen aztertu ondoren. Gaur bertan, esaterako, Bilboko Brutal dantzalekuari segurtasun pribatua jartzeko eskatuko zaio.
Ertzaintza banakako azterketarekin dihardu gaur gaurkoz, eta hortaz, ziur asko ebazpen horren ondotik gehiago etorriko dira.
Azken bost urteetan, oro har, era honetako delituak zertxobait gutxitu dira Euskadin: 723 izan ziren 2019an, 667 iaz. Baina Ertzaintzak atzemandako arma kopuruak gora egin du nabarmen. Ostiraletik hasita asteburuan gertatzen dira delitu gehienak, 10etik 8 hori bai, barrualdean ez baizik eta kalean gertatzen dira.