Gizartea -
Ukraina, urtebete gerran
EAEko 1.500 familiak Ukrainako errefuxiatuak hartu dituzte gerrako lehen urtebete honetan
Familiok 3.500 ukrainar ingururi egin diete harrera. Eusko Jaurlaritzak eman ditu datuak, EAEk 12 hilabeteotan erakutsitako elkartasuna zenbakitan jarrita.
EITB Media
Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, duela urtebete, gerratik ihesi Euskal Autonomia Erkidegora (EAE) etorritako 3.500 errefuxiatu inguru hartu dituzte EAEko 1.500 familiak, asko eta asko ukrainar jatorrikoak.
Urtemuga baliatuta, Eusko Jaurlaritzak zenbakitan jarri nahi izan du euskal elkartasuna, eta dokumentu batean bildu —"Ukraina-Euskadi. Urtebeteko elkartasunaren memoria"—. Agiria inbasioa abiatu eta gutxira sortutako Ukrainako Errefuxiatuei Harrera Egiteko Jarraipen Mahaiko kide izan direnei aurkeztu die Jaurlaritzak, hots, EAEko erakunde eta gobernuz kanpoko erakundeei. Ondoren, Europa ekialdeko herrialdeari elkartasuna adierazteko ekitaldi instituzionala egin dute Lehendakaritzan, Iñigo Urkullu buru zela.
Lehendakariak Errusiaren inbasioa gaitzetsi eta bide diplomatikoak jorratu behar direla azpimarratu du:
Elkartasuna, zenbakitan
Osasun alorrean, 3.101 pertsonak eskuratu dute Osakidetzaren osasun txartela (aldi baterakoa zein OTI arrunta) eta 570 lagunek jaso dute laguntza psikosozial pertsonalizatua.
Hezkuntza alorrari dagokionez, Ukrainako 1.027 haur eta nerabe matrikulatu dituzte EAEko ikastetxeetan. Halaber, eta Aukerak Suspertzen programari esker, 69 adingabe errefuxiatuk jaso dute eskolaz kanpoko errefortzua. Era berean, 532 nagusik eman dute izena Hizkuntza Eskola Ofizialetan edota Helduen Hezkuntzako zentroetan.
Laguntzak emateko 3 milioi euroko partida zuen Azken Sarea Indartzen Ukraina programari esker, 1.633 familiak jaso dute dirulaguntza ekonomikoa (denera, 1.690 eskaera izapidetu ditu Jaurlaritzak).
Azkenik, 12 hilabeteotan Ukrainatik etorritako 4.180 pertsonak eskuratu dute aldi baterako babes estatusa Euskadin.
Balorazio kualitatiboari dagokionez, Jarraipen Mahaiak ondorioztatu du urtebeteko elkartasun esperientzia hori "positiboa" izan dela, "zailtasunak eta ziurgabetasunak gorabehera". "Balorazio horrek soila, zuhurra eta hiperbole eta autokonplazentzia bakoa izan behar du: egin behar zena egin da, besterik ez", horren arabera.
Bestalde, gogorarazi duenez, Euskadik "euren bizi prozesuak hautsita ikusi dituzten pertsona errefuxiatuen bidegabeko sufrimenduari" erantzun dio. "Elkartasuna gorabehera, sufrimendu sakon hori hor dago. Ezein baloraziok errealitate hori izan behar du", azpimarratu dute agirian.