Gizartea -
Garraio publiko elektrikoa
Bilbobuseko autobusak Metro Bilbaoren azpiegitura erabiliz kargatuko dira uztailetik aurrera
600.000 euro inbertituko dira zerbitzuan, eta horietatik 140.000 euro Next Generation funtsetik etorriko dira. Elorrietako garajean jarriko da, eta zortzi karga-terminal izango ditu, bakoitza 120 kilowattekoa.
Agentziak | EITB Media
Bilbobuseko autobusak Metro Bilbaoko azpiegitura elektrikoa erabiliz kargatu ahal izango dira uztailetik aurrera martxan jarriko den zerbitzu baten bidez. Zerbitzu horretan 600.000 euro inbertituko dira, eta horietatik 140.000 euro Next Generation funtsetako diru-laguntzetatik datoz.
Bilboko Udalak, Metro Bilbaok, Alsak (Bilbobusen zerbitzuko arduraduna) eta Medusako bazkideek (Energiaren Euskal Erakundea, Repsol eta Ase Taldearen artean sortutako enpresa) gaur aurkeztu dute enpresa horrek garatu duen elektrizitate-hornidurako alternatiben lehen proiektua, lehendik dauden azpiegitura elektrikoen potentzia optimizatzen duena.
Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendariak azaldu duenez, ekimen "berria" da, baina hedatzeko asmoa du, eta dagoeneko beste hiri batzuetara eramateko aukera aztertzen ari dira.
Medusak diseinatutako lehen konponbide hau Metro Bilbaoren trenbide-sare elektrikoa aprobetxatzean datza, Elorrietako Bilbobuseko garajeetan ezarriko den karga adimenduneko azpiegitura elikatzeko. Azpiegitura horrek 120 kilowatteko zortzi karga-terminal izango ditu.
Horrela, proiektuak lehendik dagoen potentzia handiko azpiegitura bat, Metro Bilbaorena, erabiltzea ahalbidetuko du, Bilbobusi zerbitzu osagarri bat emateko gaueko orduetan, metroak bere jarduera murrizten duen orduetan.
Gaur egun Bilbobusek 13 autobus elektriko ditu, eta aurten zazpi gehiago izango dira. Ibilgailu horiek eta etorkizunean iritsi daitezkeenak izango dira sistema berriaz baliatuko direnak, lehendik dauden 13 ibilgailuetarako banaketa-sarera konektatutako aurreko azpiegitura bat baitago.
Bilboko 141 autobusetatik 94 hibridoak dira eta 13 elektrikoak.