Gizartea -
TXAKUR EREDUGARRIAK
Xabi Arrese, txakur-hezitzailea: “Txakurrari behar adina denbora eskainiz gero, eraso asko ekidingo lirateke”
Txakur-jabeak berriz ere jomugan daudenean, Beasainen Txakur Eredugarri Programaren laugarren edizioari ekin diote. Ikastaroaren arduradunak, Xabi Arresek, txakur-jabe arduratsua izateko gakoak eman dizkigu.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Txakur-erasoen aferaren erdian eta txakur-jabeak jomugan dauden honetan, asteartean ekin diote Beasainen Txakur Eredugarri Programaren laugarren edizioari, Kangune txakurrak trebatzen espezializatutako zentroaren laguntzarekin. Herritarren arteko bizikidetza eta udalerri atsegin, txukun, eroso eta bizigarria izateko helburuarekin sortu du Udalak ikastaroa.
8 aste iraungo du eta 20 bikotek (jabea + txakurra) hartuko dute parte. Xabi Arrese Kangune zentroko txakur-hezitzailea izango da ikastaroaren arduraduna. Horren arabera, txakur-jabeak ondo heziz gero, txakur-eraso asko ekidingo lirateke; izan ere, egunetik egunera, handitzen doa txakurren kopurua gure inguruan. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen du txakurrak dituztenen eta ez dituztenen arteko elkarbizitza.
Azken boladan, baina, kultura aldaketa bat egon da, Arreseren ustez. Horren esanetan, jabe askok txakurrari nahi duena egiten uzten diote, eta horrek ez dakar ezer onik. Hala, txakur-jabe eredugarria izateko hainbat gako eman dizkigu.
Garrantzitsuena deia lehen momentutik ondo irakastea da, txakur-hezitzailearen aburuz; izan ere, txakurrak jabearen deia ondo barneratuz gero, seguruago sentituko da eta arazo asko saihestuko dira.
Era berean, txakurrari hainbat egoeratara egokitzen irakastea funtsezkoa da, horren hitzetan, kalean (txirrindulari, auto, txakur eta ume artean) zein mendian (ganadu artean eta baserri inguruetan).
Errespetua eta elkarbizitza lantzea, eta, batez ere, denbora eskaintzea da gakoa, adituaren arabera, baina azkenaldian hori dugula faltan gaineratu du.