Gizartea -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Bildarratz: "Diru publikoz ordaindutako ikastetxe guztiek batera lan egin behar dute"
2023-2024 ikasturteko matrikulazioen inguruan Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak zehaztu duenez, "familien % 94,1ak lehen aukeran eskolatuko ditu seme-alabak". Segregazioaren aurre egiteko abiatutako bideak "epe luzerako begirada" eta "gizarte osoaren inplikazioa" eskatzen dituela esan du.
EITB Media
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak 2023-24 ikasturteko matrikulazioari buruzko argibideak eman ditu gaur Eusko Legebiltzarrean. Segregazioaren aurkako irizpide berriak kontuan hartuta bideratu du Hezkuntza Sailak datorren ikasturteko matrikulazioa, eta polemika piztu du horrek itunpeko sarean zein publikoan, prozedurak hainbat kasutan izan dituen ondorioengatik. Aurrematrikula egiteko epea bukatuta eta behin-behineko zerrendak argitaratuta, hainbat familia lehen aukera gisa hautatutako ikastetxerik gabe geratu dira.
Agerraldia Bildarratzek berak eskatu zuen Hezkuntza Batzordean. Bere hitzaldiaren hasieran, irizpide berriak adosteko eta ezartzeko egindako bidea gogoratu du, eta helburua hasieratik zein izan den nabarmendu: "ikasle zaurgarrien eskolatze orekatuagoa lortzea, finantzaketa publikoa jasotzen duten ikastetxe guztien bitartez, gizarte-kohesioaren bidean". Hori lortzeko, "diru publikoz ordaindutako ikastetxe guztiek" batera lan egitea ezinbestekoa dela esan du. "Epe luzerako begirada" eta "gizarte osoaren erantzukidetasuna" eskatu ditu.
Datuak jarri ditu mahai gainean sailburuak, matrikulazio prozeduraren argazki osoa azaltzeko. Horren arabera, orotara 11.696 matrikulazio eskaera jaso dituzte datorren ikasturterako, eta horietatik 11.252 (% 94,1) lehenengo aukeran esleitu dira. 462 kasutan, berriz, familiek aukeratu duten "beste ikastetxe bat" esleitu zaie, eta 255 eskaritan "eskatu ez den plaza bat" esleitu da. 6.384 familiak ikastetxe publiko bat eskatu zuten lehen aukera gisa, eta 5.585 familiak, itunpeko zentro bat. Matrikulazio prozedurako irizpideak ezarrita, "ikastetxe publikoetan matrikulatutako ikasleak 82 gehiago dira, ikastetxe itunduetan behera egin duen kopuru berbera".
Bestalde, guztira 1.874 ikasle zaurgarri eta 10.122 ez-zaurgarri identifikatu dituzte. Lurraldeka, Araban ikasleen % 20,4 dira zaurgarriak, Bizkaian % 14,4 eta Gipuzkoan % 14,6. Horiek "modu orekatuan banatzeko", eragin eremuen araberako "azterketa zorrotza" egin dela esan du Bildarratzek. Sailburuak azaldu duenez, ikastetxeen % 50,8tan, "irizpideen araberako doikuntzak egin ondoren", "eragin eremuaren kalteberatasun indizera hurbiltzea" lortu da, eta % 3tan helburutik "urrundu" egin dira. Ikastetxeen % 31k ez dute esku-hartzerik behar izan.
Segregazioaren aurkako lanketa hezkuntza zentroetan bakarrik ezin dela egin azpimarratu du; izan ere, "gaia konplexua da eta askotariko ertzak ditu". "Gizarte osoak hartu behar du parte prozesu honetan, eta denon ahalegina ezinbestekoa da", erantsi du.