Gizartea -

Afrika Eguna

Melgosak Vinicius kasuaren "pasio bera" eskatu du egunero erasoak jasaten dituzten pertsonak defendatzeko

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ekitaldi batean parte hartu du Bilbon, Afrika Eguna dela eta. Bertan esan duenez, "mundu guztia ongi etorria da Euskadira, askotariko gizartea gizarte aberatsa delako".

Nerea Melgosa, larunbat honetan, Bilbon. Argazkia: EITB Media
Nerea Melgosa, larunbat honetan, Bilbon. Argazkia: EITB Media
Nerea Melgosa, larunbat honetan, Bilbon. Argazkia: EITB Media

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Vinicius kasuan izaten ari den "grina bera" eskatu du "kalean, metroan, tranbian edo aisialdi guneetan egunero erasoak jasaten dituzten azal kolore desberdineko milaka neska, mutil, gizon eta emakumeak defendatzeko".

Melgosa Afrika Egunean izan da larunbat honetan, Bilboko Itsas Museoko zelaigunean. Ehunka pertsonak parte hartu dute bertan, tartean Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak eta Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak.

Ospakizun hori dela eta, sailburuak nabarmendu du Euskadik "aniztasunaren aldeko apustua" egiten duela, eta "diskurtso arrazista eta xenofobo interesatuen" aurrean. "Mundu guztia ongi etorria da Euskadira, askotariko gizartea gizarte aberatsa baita. Hala berresten dute ikerketek: hiri aurreratuenak aniztasuna hobekien kudeatzen dutenak dira", azpimarratu du.

Ospakizunak

Iragan maiatzaren 21etik, Afrika Eguna ospatzeko hainbat ekitaldi egiten ari da Euskadiko afrikar komunitatea. Besteak beste, futbol torneoa, hitzaldiak, emanaldiak, erakusketak eta kontzertuak antolatu dituzte Ghanak, Togo-Euskadik, Senegalek, Ekuatore Gineak, Marokok, Angola-Kongok, Malik eta EGBA futbolak.

Danbor hotsek eman diote hasiera larunbat honetako jardunaldiari. Jarraian, manifestu bat irakurri eta mahai inguru bat egin dute, emakume migratzaileak bi kontinenteetan berdintasunaren aldeko borrokan duen paperari buruz. DJ batek girotu ditu ekitaldiok, eta artisau azoka eta erakusketa ezberdinak ere eskaini dituzte.

Iñaki Williams futbolariak ere parte hartu du jardunaldian, eta harro agertu da parte hartze horrengatik, bere sustraietatik "gertuago" sentiarazten baitu. "Uste dut afrikar guztiok ohartu behar garela gure arbasoen borrokak izan zuen garrantziaz, lortutako aurrerapen sozioekonomiko guztiak aldarrikatzearekin batera", nabarmendu du.

Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak gaineratu duenez, "mundura zabalik dagoen herri bat gara", baina, era berean, "ezin dugu ahaztu arrazismoa eta xenofobia hor daudela, eta ezin dugu inondik inora ere onartu aste honetakoa bezalako erasorik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Zer gertatzen ari da Bilbon? Euskal hiriburuak Migrazioaren albisteak Zer gertatu da Bizkaian? Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Arrazismoa bideoak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa