Gizartea -

Indarkeria matxista

Maialen Mazonen ustezko hiltzailea Gasteizko guardiako epaitegira eraman dute

Sortzez valentziarra den 33 urteko gizasemea bart ekarri dute Zaragozatik Arabako hiriburura. Izan ere, ustezko hiltzailea AP-68ko Alagongo ordainlekuan atxilotu zuten igandean, taxi batean Valentziako Erkidegora ihesi zihoala.

Ertzaintzako agenteak, hilketa gertatu zen tokian. Argazkia: EFE
Ertzaintzako agenteak, hilketa gertatu zen tokian.
Ertzaintzako agenteak, hilketa gertatu zen tokian. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maialen Mazon 32 urteko gasteiztarraren ustezko hiltzailea Gasteizko guardiako epaitegira eraman dute gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

J.R. 33 urteko gizona Zaragozatik Arabako hiriburura ekarri dute bart gauean, eta Ertzaintzaren bulegoetara eraman dute beharrezko polizia eginbideak egitera, epailearen esku utzi aurretik. Ustezko hiltzailea AP-68ko Alagongo ordainlekuan atxilotu zuten igandean, taxi batean Valentziako Erkidegora ihesi zihoala. 

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo azaldu zuenez, gizonak emakumearengandik urruntzeko agindua zeukan, eta Ertzaintzak urtarrilean jakin zuen agindua urratzen ari zela. "2023ko urtarrilean izan zuen lehenengoz emakumearen berri Ertzaintzak. Hotel bateko arduradunen abisua jaso zuen orduan, bikotea izen faltsu batekin erregistratu zelako", adierazi du.

Agenteek lehen atestatua egin zuten, emakumearekin hitz egin ostean, eta urruntzeko agindua urratzen ari zirela jakinarazi zion auziaz arduratzen zen epaitegiari. Geroztik, Ertzaintzak ez zuen auziarekin kontaktu gehiagorik izan, bikotea Gasteiztik kanpo bizi zelako, Burrianan (Castello). Maiatzaren 18an, baina, Guardia Zibilak Ertzaintzari ohartarazi zion emakumea Euskadira itzultzeko asmotan zebilela. Ordutik, biktimaren arrisku maila aztertzen ari ziren. 

Hilketa igande eguerdian jazo zen, Gasteizko apartahotel batean. Mazon haurdun zegoen, eta haren gorpuaren ondoan 3 urteko alaba topatu zuten, onik. Bikotekidea eta ustezko hiltzailea ordu batzuk geroago atxilotu zuen Guardia Zibilak, AP-68ko Alagongo (Zaragoza) ordainlekuan, taxi batean Valentziako Erkidegorako bidean ihesi zihoala. Guardia Zibilaren zaintzapean izan da ordutik, bart Ertzaintzaren esku geratu den arte. 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Indarkeria matxista Eusko Jaurlaritza berriak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa Feminismoa