Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Oiako biktimak apirilean salatu zuen bikotekide ohia, eta kasuari arrisku maila ertaina ezarri zioten
Ana Vanessa Serenen hilketa gaitzetsi dute gaur dozenaka lagunek, berak lan egiten zuen kanpinaren aurrealdean. Bere bikotekide ohiarekiko urruntze-agindua zuen, baina Guardia Zibilak 56 aldiz parte hartu behar izan zuen emakumea babesteko.
EITB Media
Ana Vanessa Serenen hilketa matxista irmo gaitzetsi dute igande honetan Pontevedrako Oia herrian, kanpinaren sarreran minutu bateko isilunea eginez. Emakumea tiroz hil zuen atzo bere bikotekide ohiak, ihes egin ondoren bere buruaz beste egin zuen guardia zibil batek.
Bizilagunek, atsekabea adierazi dute erailketa matxista horren aurrean, eta lore-sortak utzi dituzte kanpineko sarreran. Ana Vanesak han egiten zuen lan, eta gizasemeak han bertan hil zuen. Halaber, emakume horren ingurukoek samina eta haserrea agertu dute hilketagatik. Herrian, banderak haga erdian daude atzoz geroztik.
Bestalde, Maica Larriba Espainiako Gobernuak Pontevedran duen ordezkariak azaldu duenez, bere bikotekide ohiaren aurkako salaketa aurkeztu zuen apirilean Ana Vanessak eta, epaiketa arin baten ondoren, 300 metroko urruntze-agindua eta berarekin komunikatzeko debekua ezarri zioten gizonezkoari.
Poliziak ebatzi zuenez, Ana Vanessaren auzia "arrisku maila ertainekoa" zen. Dena dela, epaiaren ostean, Guardia Zibilak 56 aldiz parte hartu behar izan zuen emakumea babesteko, horietako bat, "duela oso gutxi".
Cristina Correa Oiako jarduneko alkateak esan duenez, zoritxarrez, hilketa matxistak sarritan gertatzen dira gaur egun. Correak atzo iragarri zuen hiru dolu-egun ezarriko zituztela, eta gaurko aurreikusitako udal-jarduera guztiak bertan behera utziko zituztela.
Testuinguru horretan, Beatriz Gonzalez kanpineko zuzendariak azpimarratu duenez, "tristura handia ematen du gertatutakoak".
Hiltzaileak, 300 metroko urruntze-agindua eta biktimarekin komunikatzeko debekua zituen, baita indarkeria matxistagatik aurretik jarritako hainbat salaketa ere.
Hilketa matxista izan dela baieztatzen bada, gaurkoarekin 21 dira Espainian bikotekideek edo bikotekide ohiek aurten eraildako emakumeak, eta 1.025 2003tik.