Gizartea -
SUTEA
Txosten teknikoen zain dago Barakaldoko Udala erretako eraikina eraitsi edo ez erabakitzeko
Egurrezko egitura duen eraikina egoera oso txarrean geratu da. Udal teknikariek eta perituek gaur ikuskatze lanekin jarraituko dute, erabakiren bat lehenbailehen hartzeko. 16 urteko mutil bat hil zen sutean.
EITB MEDIA
Barakaldo erdiguneko etxebizitza eraikin batean atzo izandako sutea nola piztu zen argitzeko ikerketak aurrera jarraitzen du. 16 urteko mutil bat hil zen eta beste sei pertsona, tartean bi adin txikiko, zauritu ziren. Azken horiek Gurutzetako erietxera eraman zituzten, garretatik ihesi leihotik salto egin ondoren hartutako kolpeengatik. Bik jarraitzen dute ospitalean ingresatuta; beste laurek, atzo bertan, jaso zuten senda-agiria.
Hedabideen aurrean gaur egindako adierazpenetan, Amaia del Campo herri horretako alkateak esan du sua "guztiz itzaltzea" lortu dutela gaur suhiltzaileek, eta orain txosten teknikoen zain daudela "sutearen kausak" argitzeko eta "eraikinarekin zer egin" erabakitzeko.
Horren harira, argitu du udal arkitektoak ez duela oraindik eraikinera sartzeko aukerarik izan, "egoera oso txarrean" baitago. Gehitu duenez, teknikoek aztertuko dute eraikinaren egoera eta beraiei dagokie txosten teknikoa egitea. Bertan jasotako ondorioen arabera, eraikina berritu edota eraitsi erabakiko dute.
Kalean dauden metalezko zutoinek suhiltzaileen lana oztopatu ote zuten galdetuta, Del Campok erantzun zuen herriko leku guztietako sarrera-irteerak halako egoeratarako prestatuta daudela. Halaber, gogoratu du aurreko legealdian suhiltzaileen laguntzarekin berrikusi zutela herriko oztopo-zutoinen kokapena. "Ezohiko sute baten aurrean gaude, aparteko baliabideak behar izan dira, eta baliteke suhiltzaile-talde batzuek oso ondo ez ezagutzea herriko ibilbideak, bertara iristeko", adierazi du.
Goizaldeko 03:00etan piztu zen sua, eta berehala zabaldu ziren garrak, eskailerak guztiz kiskaltzeraino. Uste da hildako gaztea eskaileretatik ihes egiten ahalegindu zela, eta ez aurrera ez atzera geratu zela bertan. Lekukoek atzo azaldu zutenez, une benetan beldurgarriak bizi izan zituzten; haurrak eta helduak leihoetatik ihes egiten ikusi zituzten, sugar artean.
Bere aldetik, Barakaldoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak dolu-eguna deitu zuen atzo, eta bertan behera utzi zituzten Karmen festetako ekitaldi guztiak. Gaur berrekingo diete.