Gizartea -
Indarkeria matxista
Karguekin aske, larunbatean Algortan izandako sexu-erasoagatik atxilotutako gizona
Iragan asteburuan bi sexu-eraso salatu dituzte Algortako jaietan, horietako baten biktima adingabea da, eta asteartean, Aixerrotako paella festan, beste emakume batek salatu zuen eraso sexista pairatu zuela.
EITB MEDIA
Ertzaintzak baieztatu duenez, larunbatean izandako sexu-erasoaren ustezko erasotzaileak epailearen aurrera eraman dute arratsaldean, eta karguekin aske utzi dute.
Iragan asteburuan bi sexu-eraso salatu dituzte Algortako jaietan, horietako baten biktima adingabea da, eta asteartean, Aixerrotako paella festan, beste emakume batek salatu zuen eraso sexista pairatu zuela.
Sexu-erasoak salatzeko elkarretaratzea egin dute arratsaldean, Algortako Mugimendu Feministak deituta. Protesta bilkura Telletxe kalean egin da, metro-geltokiaren alboan.
Aixerrotako paella festan izandako erasoarekin lotuta, berriz, 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, eta epailearen aurrean deklaratu ostean, aske geratu zen.
Algortako jaietan izandako sexu-eraso delituengatik Bilbo eta Leioako bi emakumek, horietako bat adin-txikikoa izanik, jarritako salaketen aurrean Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu du gaur, erasoak "erabat baztertu eta gaitzesteko".
Erakunde-elkarretaratze isila egiteko deia egin du, Berdintasun Kontseiluko ordezkarirekin batera, asteazkenean, abuztuaren 2an, 12:00etan, udaletxeko eskaileretan, eta Getxoko herritarrak deitu ditu 19:30ean Telletxeko puntu lilan (Algortako metroko irteeraren ondoan) beste protesta batera.
Era berean, elkartasuna adierazi die erasoa jasan duten emakumeei, bai eta babesa eman ere. Bestalde, gogorarazi du "indarkeria erabiltzen duenaren erantzukizuna dela beti, eta erasoa jasan duten emakumeak erruduntzat jotzea saihestu behar dela".
Getxoko Udalak azpimarratu du "eraso sexistak justifikatzen dituen testuingururik ez dagoela, jaiak barne". Horregatik, berdintasunaren eta errespetuaren balioetan oinarritutako gizarte bat lortzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du.