Gizartea -

Manifestazioa

70.000 lagun bildu dira Bilbon, euskararen kontrako "oldarraldi judiziala" salatzeko

Ordezkaritza politiko eta sozial zabalak egin du bat Kontseiluak deitutako manifestazioarekin. Idurre Eskisabelek "akordio soziopolitiko berri bat" eskatu du, "erasoaldiaren aurrean hesia" izateaz gain, etorkizuna bermatzeko urratsak emateko.

Idurre Eskisabel, Bilboko Udaletxe atarian, azken mezua irakurtzen. Argazkia: Kontseilua
Idurre Eskisabel, Bilboko Udaletxe atarian, azken mezua irakurtzen. Argazkia: Kontseilua
Euskal jendarteak 'herri helegitea' jarri die euskararen kontrako epaiei

2:01

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagunek (60.000 baino gehiago, Segurtasun Sailaren arabera, eta 70.000, Bilboko Udalaren arabera) erantzun diote euskararen normalizazioa defendatzeko eta auzitegietatik egiten ari diren "euskararen aurkako esku-hartze judiziala" salatzeko Kontseiluak Bilbon deitutako manifestazioari. Izan ere, 2020az geroztik, Hego Euskal Herriko hainbat epaitegik eta auzitegik gutxienez 18 epai eman dituzte euskararen kontra, Administrazioek ondutako arauak deuseztatuz edota ezarritako klausulak, baldintzak edo eskakizunak baliogabetuz.

Mobilizazioa 17:00etan abiatu da Euskalduna Jauregitik, "Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat" leloa zuen pankartari eusten euskalgintzako ordezkariak zihoazela: Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, Patxi Uribarren Karmel aldizkariko kide eta euskaltzaina, Leire Solozabal Artezko ordezkaria, Intza Gurrutxaga EHEko bozeramailea, Aize Otaño AEK-ko Gipuzkoako koordinatzailea, Amagoia Mujika Berriako zuzendaria, Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusia, Joanmari Larrarte Elkarreko ordezkaria, Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Joxerra Olano IKAko ordezkaria, Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Elorri Arin Euskal Konfederazioko ordezkaria eta Martin Aramendi UEMAko lehendakaria. "Euskarari erasorik ez", "Euskal Herrian euskaraz" eta "Hemen gaude euskararen alde" leloak entzun dira ibilbidean zehar.

Euskal instituzioetako hainbat ordezkarik hartu dute parte manifestazioan. Bertan izan dira, esate baterako, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, Ramiro Gonzalez eta Eider Mendoza Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Juan Mari Aburto eta Eneko Goia Bilboko eta Donostiako alkateak.

Manifestazioa hasi aurretik hedabideei egindako adierazpenetan, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak euskararen normalizaziorako tresnak "inhabilitatzen" dituen "ofentsiba judiziala" salatu du. "Horrek euskaldunak zein hizkuntza aniztasunaren alde dauden pertsona guztiak oso garrantzitsuak diren tresnarik gabe uzten gaitu", gaineratu du.

Martxari erakutsitako atxikimendua ''adostasun sozialaren adierazpena'' da, Idurre Eskisabelen hitzetan
Martxari erakutsitako atxikimendua ''adostasun sozialaren adierazpena'' da, Idurre Eskisabelen hitzetan
Martxari erakutsitako atxikimendua ''adostasun sozialaren adierazpena'' da, Idurre Eskisabelen hitzetan

0:29

Akordio soziopolitiko berri bat aldarrikatu du Euskalgintzaren Kontseiluak

18:30 aldera, manifestazioaren burua Bilboko udaletxe atarira iritsi denean, Ruper Ordorikak "Zaindu maite duzun hori" abestu du eta Idurre Eskisabelek "akordio soziopolitiko berri bat" aldarrikatu du bertan irakurri duen mezuan.

Gogoan izan ditu belaunaldiz belaunaldi euskararen biziraupenaren alde egin duten horiek guztiak, "debeku eta zailtasun guztien gainetik", eta gaindituta ziruditen iraganeko jarrera horiek "indarrez berpizten" ari direla salatu du.

Lan eskubideek eta hizkuntza eskubideek elkarrekin talka egiten dutela esaten duen "premisa faltsua" bereziki mingarria dela esan du Eskisabelek, "justu kontrakoa baita".

Testuinguru honetan, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ezinbesteko ikusten du "akordio soziopolitiko berri bat", "oldarraldiaren aurrean hesia jarriko duena ez ezik, euskarak eta euskararen komunitateak etorkizuneko erronkei aurre egiteko moduko zorua eratuko duten hizkuntza politikak bideratuko dituena", eta, hain zuzen ere, akordio horretarako "adostasunak bilatzeko eta lantzeko konpromisoa" berretsi du Kontseiluko ordezkariak. 

Ildo horretan, dei egin die erakundeei eta alderdi politikoei akordio berri horren baitara bil daitezen.

Idurre Eskisabel Bilboko Udaletxe atarian, azken mezua irakurtzen. Argazkia: Kontseilua

Irakurri hemen hitzartze osoa

Babes politiko zabala

EAJ, EH Bildu (EA, Sortu eta Alternatiba), Geroa Bai, EH Bai eta Sumarreko ordezkariek hartu dute parte manifestazioan.

EAJren aldetik, Euzkadi Buru Batzarreko Euskara, Kultura, Kirola, Gizarte Ekintza eta Enplegu arloko arduradun Ana Esther Furundarenak salatu du "hizkuntza eskubideak errespetatzen ez diren esparruak" badaudela, "horietako bat, judiziala". EAJk "Kontseiluaren irakurketarekin bat egiten du", adierazi ondoren, ebazpen judizialek Euskararen Legeari ere erasotzen diotela ohartarazi du, eta udaletatik garatutako hizkuntza politika "jendearengandik hurbilena" dela defendatu du.

Maddalen Iriarte EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak ere gogor salatu du "euskararen aurka" egiten ari diren "erasoaldi politikoa eta judiziala", eta ohartarazi du hori guztia Hezkuntza Legea Legebiltzarrean eztabaidatzen ari den unean gertatzen ari dela, euskara baita legearen zutabeetako bat. Iriarteren esanetan, "Espainiako ultraeskuina" euskararen aurka egiten ari da auzitegien eta erabaki politikoen bidez, eta, horregatik, "herri gisa erantzuna emateko unea da".

Ildo beretik, Bizkaiko Sumarreko diputatu Lander Martinez kezkatuta agertu da "erakunde batzuek normalizazio bidean duten sentsibilitate faltagatik", eta "euskararen normalizazioaren eta hizkuntza politikaren inguruko adostasuna berreskuratzeko dei argia" egin du.

Hainbat euskal politikari hizketan, manifestazioaren atarian. Argazkia: EFE

LABek hizkuntza eskakizunen aurkako errekurtsoak jartzeari uzteko eskatu die CCOOri eta UGTri

Igor Arroyo LABeko koordinatzaile nagusiak CCOOri eta UGTri hizkuntza eskakizunen aurkako helegiteak aurkezteko "jarrera birplanteatzeko" eskatu die. Komunikabideei egindako adierazpenetan, Arroyok euskararen aurkako azken epaiak aipatu ditu, eta ohartarazi du epai horiek ez liratekeela existituko "hizkuntza eskakizunen eta hizkuntza eskubideen aurkako errekurtsoak jartzen dituzten eragileak" ez baleude.

"Besteak beste, CCOO eta UGTri buruz ari gara, hizkuntza eta lan eskubideak elkarren kontra daudela uste baitute, guk lotuta daudela ikusten dugun bitartean. Hemen gehiengo sozial, politiko eta sindikal bat dago lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak aldarrikatzen dituena, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea", adierazi du. Horregatik guztiagatik, hizkuntza eskubideak bermatuko dituen "lege esparrua" eskatu du, eta "euren jarrera birplanteatzeko" eskatu die CCOOri eta UGTri.

Bestalde, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak salatu du erasoaldi judizial eta politikoak agerian utzi duela "euskarak administrazioan duen berme falta". Hori dela eta, "konpromiso eta ausardia politikoa" eskatu du, eta euskal erakundeek "administrazioan euskaldunek erdaldunen hizkuntza eskubide berak izatea" bermatu behar dutela esan du.

Euskararen aurkako epaien infografia

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz EAJ-PNV Bilbo Bizkaia Nafarroa ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Sumar Mugimendua