Gizartea -
2024KO ALBISTE NAGUSIAK
Hauek izango dira urteko albisteetako batzuk: hauteskundeak, gerrak, olinpiar jokoak...
Munduko biztanleriaren gehiengoak botoa emateko aukera izango du aurten, Gaza eta Ukrainako gerrei oso adi jarraituko dugu, eta uztailean kirol-ikuskizun erraldoia izango da Parisen.
IKER GOMEZ | EITB MEDIA
2024an denon ahotan egongo diren albisteak zeintzuk izango diren aurreikusten saiatu gara. Hauek dira lerroburu izango diren batzuk:
* Hauteskunde-prozesuak, barra-barra
4.000 milioi pertsona daude botoa ematera deituta 2024an. Munduko 70 herrialdetan, bozketak izango dira aurten, tartean AEBn (azaroan), Errusian (martxoan), Mexikon eta Venezuelan.
Euskal Herrian, Europako hauteskundeetarako botoa ematea tokatuko zaigu (ekainean), eta EAEn hauteskunde hitzordua izango dugu Eusko Legebiltzarra hautatzeko. Gertatzen dena gertatzen dela, Euskadik beste lehendakari bat izango du prozesu horren ostean.
* Gazari eta Ukrainari begira
Munduan hainbat gatazka pil-pilean egon arren, Isralen eta Hamasen arteko gerrak edo Errusiaren eta Ukrainaren arteko borrokak jasoko dute berriro ia arreta guztia.
* Trump, akusatuen aulkian
Martxoaren 4an, Donald Trump epaituko dute Washingtongo auzitegi batean, 2020ko porrota bertan behera uzteko saiakeragatik. Epaiketari ez ezik, hauteskunde-kanpainari ere egin beharko dio aurre Trumpek aurten.
* Olinpiar jokoak, Parisen
Kirolzaleek hitzordu garrantzitsua izango dute uztailaren 26an, Parisen, egun horretan hasiko baitira XXXIII. Olipiar Jokoak Frantziako hiriburuan.
* Legerik polemikoena indarrean sartuko da
Urte hasieran, Madrilgo Diputatuen Kongresuan Amnistia Legea eztabaidatzea eta onartzea espero da. Lege horrek, ika-mika ugari ekarriko ditu talde politikoen artean.
* Aldaketa historikoa gure hirietako zirkulazioan
Bai hiriburuetan eta baita 50.000 biztanletik gorako hirietan, nabarmen aldatuko da zirkulazioa. Hiri horietan, Emisio Txikiko Eremuak estreinatuko dituzte, kutsadura-maila murrizteko xedearekin. Ondorioz, auto zaharrenek, kutsagarrienek, debekatuta izango dute erdiguneetara sartzea. Horrez gain, DGTk hirietan patineteak "gidatzeko" baimen bat onartuko du.
* Adimen artifizialaren bilakaera
2024an, Adimen Artifizialaren aplikazioek aurrera nola egiten duten ikusiko dugu hainbat esparru estrategikotan, Osasun Zerbitzuetan, Hezkuntzan, politikan eta kulturan, besteak beste.
* Kilometroak euskararen alde
"Harro Herri" lelopean, martxoaren 14an emango diote hasiera Korrikaren 23. edizioari, Irunen. Hamar egun geroago iritsiko da Baionara.
* 24 orduko arreta zerbitzua indarkeria matxistaren biktimentzat
Euskadi sexu-indarkeriaren biktimei laguntzeko 24 orduko hiru zentro abian jarriko dituen lehen autonomia erkidegoa izango da. Europako funtsek diruz lagundutako zentro horiek aldundiek kudeatuko dituzte, eta ekainean irekitzea espero da.
* Medikuen topaketa erraldoia, Bilbon
5.000 familia-mediku batuko dira Bilbon urrian, Estatuko Mediku Kongresurik handienean parte hartzeko. Aurreikuspenen arabera, topaketa horrek 10 milioi eurotik gorako eragin ekonomikoa izango du.
* Euskaditik espaziora
Ekainaren batean, Lur-1 satelitea espaziora bidaliko du Euskadik. Satelitea EAEn garatu da oso-osorik.
* Lanpostu publikoen egonkortzea
2024an, 17.000 lanpostu egonkortuko dituzte Euskadiko sektore publikoan. Gainera, aldizkako LEPak deituko dira, enplegu publikoa "modernizatzeko".
* Chillida jaio zela 100 urte
Eduardo Chillida jaio zela 100 urte beteko dira urtarrilaren 10ean.