Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Kartzelara bidali dute Gasteizko 53 urteko gizon bat, bikotekide ohia labanaz zauritzeagatik
Gizonak harengandik urruntzeko agindua zuen, baina etxeko atariraino jarraitu zion eta indarrez sartzera behartu zuen, eraso eginez. Bertan atxilotu zuten.
E.J.O. | EITB MEDIA
Gasteizko 53 urteko gizon bat kartzelan sartu dute atzo, ostirala, bikotekide ohia zauritzeagatik atxilotu ostean. Harengandik urruntzeko agindua zuen, eta urratu egin zuen. Biktima ospitalera eraman behar izan zuten.
Ostiraleko 12:00ak aldera jakinarazi zioten Ertzaintzari Gasteizko etxebizitza batean eraso bat gertatu zela, eta inguruetan zaintza-lanetan ari zen herritarren segurtasunerako patruila bat bertaratu zen berehala. Besoak odoletan zituen emakume bat topatu zuten bertan, eta bikotekide ohiak arma zuri batekin eraso ziola esan zien agenteei.
Erasotzaileak harengandik urruntzeko agindu judiziala zuen indarrean, baina neurria hautsi zuen, eta etxeko atariraino jarraituko zion. Han, jo egin zuen, etxe barrura sartzera behartu, eta labankatu egin zuen.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, susmagarria ohe baten azpian ezkutatzen saiatu zen, eta oso jarrera bortitza agertu zuen ertzainak aurrean egonagatik ere, emakumea hiltzeko mehatxuak eginez. Horren aurrean, atxilotu egin zuten, genero-indarkeriarekin lotutako hilketa saiakera egotzita, eta ustez erasoan erabilitako labana atzeman zuten.
Biktima ospitalera eraman behar izan zuten zauriak artatzera.
Gizona ertzain-etxean izan dute, larunbatean agintaritza judizialaren aurrera eraman duten arte, eta horrek espetxeratzeko agindua eman du.