Mundua -
Al Fatah eta Hamás
Palestinarren arteko adiskidetzeari bultzada berria eman diote Kairon
Al Fatah-ren eta Hamasen arteko harremanak erabateko aldaketa izan du Israelek Gaza eraso zuenetik. Bi taldeek keinu eta adierazpen ugari egin dituzte Palestinarren arteko batasunaren alde.
Erredakzioa
Mahmud Abas Al Fatah-ko liderra eta Jaled Meshal Hamasekoa Kairon bildu ziren asteazken honetan, lehen aldiz azken 11 hilabeteetan, 2011n sinatutako adiskidetze-akordioari bultzada emateko.
Orain arte arerio izan diren bi taldeek Palestinarren batasunaren alde egindako azken keinuen ondoren, bi agintariek akordioaren zenbait puntu aztertu zituzten asteazkeneko bileran, tartean, batasun nazionaleko palestinarren gobernu berriaren sorrera.
Exekutiboko presidentea Abas izango litzateke eta gainontzeko kideak teknokratak izango lirateke. Gobernu horren lana Presidentetzarako eta Parlamenturako hauteskundeak antolatzea izango litzake, 2011ko akordioaren arabera.
Israelen erasoa
Al Fatah-ren eta Hamasen arteko harremanak erabateko aldaketa izan du Israelek Gaza eraso zuenetik. Bi taldeek keinu eta adierazpen ugari egin dituzte Palestinarren arteko batasunaren alde.
Iragan ostiralean, Al Fatah-ko ehunka mila jarraitzailek taldearen 48. urteurrena ospatu zuten Gazako zerrendan, 2007an Hamasek Gaza kontrolpean hartu zuenetik lehen aldiz.