Mundua -

Egipton

Gutxienez 31 hildako eta 300 zauritu Port Saiden izandako liskarretan

2012ko otsailean Port Said futbol-zelaian izandako tragediaren 21 akusatuei heriotza-zigorra ezarri diete. Berria zabaldu ostean piztu dira liskarrak.

Istiluak Port Said futbol zelaian. EFE
Istiluak Port Said futbol zelaian.
30 lagunetik gora hil dira hainbat protesta ekintzetan, Egipton

0:47

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 31 lagun hil eta 300 zauritu dira Port Saiden tragediagatik akusatuei ezarritako heriotza-zigorraren berriak piztutako istiluetan. Gauzak horrela, zigorra ezagutu ostean, kondenatuak izan direnen senitartekoak Port Saideko espetxera sartzen saiatu dira.

Hildakoen artean Mohamed al Dadui Al Marrij tokiko futbol-taldeko futbolaria, eta Tamer al Fahla 1998.ean Egiptoko Koparen irabazlea daude, Mena albiste-agentziak jakitera eman duenez.

Armadak tropak zabaldu ditu, lasaitasuna eta sendotasuna berreskuratzeko, eta erakunde publikoen segurtasuna bermatzeko.

Desadostasun politikoak

Desadostasun politikoak gainditzeko eztabaida nazionalerako deia egin du Egiptoko Defentsa Nazionaleko Batzordeak. Halaber, Port Said eta Suezen izandako istiluak gaitzetsi ditu.

Sala Abdel Maksud Informazio ministroak telebistan eskainitako agerraldian azaldu duenez, istiluak izan diren hainbat zonaldetan larrialdi egoera edo etxeratze-agindua ezartzea ari dira aztertzen.

"Desadostasun politikoak gainditzeko eta hauteskunde gardenak bermatzeko eztabaida nazional zabala" eskatu du Maksudek. Hauteskundeak datorren apirilean izangi dira.

Liskarrak Barne Ministerioaren aurrean

Hosni Mubarak presidentea boteretik bota zuen iraultzaren bigarren urtemuga ospatzeko hainbat manifestari bildu dira Egiptoko Barne Ministerioaren aurrean. Polizia agenteei harriak bota dizkiete, ondorioz, Poliziak gas negar-eragile bota du, 'Al Masry al Youm' Egiptoko kazetak zabaldu duenez.

Hainbat poliziak inguruko etxebizitzako teilatuetan jarri dira gasa botatzeko. Manifestariak, berriz, Tahrir eta Rehan plazen artean jarritako hesi baten atzean daude.

Heriotza-zigorra

Larunbat honetan, Egiptoko auzitegi batek heriotza zigorra ezarri die Port Said futbol zelaiko tragediagatik akusatuta dauden 21 laguni. 2012. urteko otsailean gertatu ziren istiluak eta 74 lagun hil eta milatik gora zauritu ziren.

Hosni Mubarak boteretik bota eta Armadak gidatutako trantsizio garaiaren testuinguruan gertatu zen tragedia, bi futbol taldeen jarraitzaileen arteko istiluetan, zehazki Kairoko Al Ahli taldearen eta Port Said hiriko Al Masri taldearen arteko norgehiagokan.

Hasiera batean bi taldeen arteko jarraitzaileen arteko istiluak zirela uste zen arren, oposizioko taldeek Indar Armatuen Batzorde Nagusiari egotzi zioten ezbeharra.

Tragedia gertatu eta hamar egunera, muturreko taldeek, Hosni Mubarak presidente ohiaren aldekoen elkarlanarekin, aldez aurretik prestaturiko ekintza izan zela ondorioztatu zuten ikertzaileek. Gainera, futbol zelaiko arduradunen laguntzarekin eta Poliziaren jarrera arduragabekeriarekin egoera areagotu zela adierazi zuten ikertzaileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Egiptoko albisteak Ekialde Hurbila gaur