Mundua -

Mursi presidentea

Egiptoko presidenteak larrialdi egoera ezarri du hiru probintziatan

Halaber, Egiptoko presidenteak etxeratze-agindua ezarri du Port Saiden, Suezen eta Ismailiyan. Azken egunetan izandako istilu larrietan 47 lagun hil dira.

Mohamed Mursi Egiptoko presidentea. Argazkia: EITB
Mohamed Mursi Egiptoko presidentea. Argazkia: EITB
Mohamed Mursi Egiptoko presidentea. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak larrialdi egoera eta etxeratze-agindua 30 egunez ezarri ditu hiru probintziatan, Port Saiden, Suezen eta Ismailiyan, hain zuzen ere. Bertan istilu larriak izan dira azken egunotan, eta 47 bat lagun hil dira Poliziarekin izandako liskarretan.

Egiptoko telebista kate ofizialean egindako agerraldian Mursik azaldu duenez, indar politiko guztiak bihar bilduko dira eztabaidatzeko eta krisitik irteten saiatzeko.

"Salbuespenezko neurrien aurka nago, baina hauek ezartzera behartuta ikusi dut nire burua", azaldu du Mursik, "hori dela eta, larrialdi egoera eta etxeratze-agindua ezarriko dut Ismailiyan, Port Saiden eta Suezen". "Egoerak eskatzen badu, edo Egiptoren onerako bada, neurri gehiago hartuko ditugu", ohartarazi du.

Zazpi hildako, igande honetan

Gutxienez zazpi lagun hil eta 450 lagunetik gora zauritu dira igande honetan Port Saiden atzo hildako lagunen hileta-elizkizunetan, iturri medikoek jakinarazi dutenez. Hiriko osasun zentroek 450 lagun artatu dituzte, horietatik 17k hainbat tirok eragindako zauriak dituzte, eta gehienak gas negar-eragilengatik intoxikatuta daude.

Hildakoetako bat 18 urteko gazte bat da. Abdel Rahman Farag hiriko ospitaleko arduradunak azaldu duenez, gazteak tiro bat jaso zuen bularrean.

Istiluak Tahrir plazan

Bestalde, bi urte bete dira Hosni Mubarak presidentea boterea bota zutenetik. Horren harira, beste 110 lagun zauritu dira Kairoko Tahrir plazan manifestari eta Poliziaren artean izandako liskarretan.

Zaurituetatik hiruk hainbat tirok eragindako zauriak dituzte, 'Daily News Egypt' kazetak jakitera eman duenez. Manifestariek Poliziaren aurka harriak bota dituzte. Agenteek, berriz, gas negar-eragile bota dute, 'Al Ahram' Egiptoko webguneak aditzera eman duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Egipto Ekialde Hurbileko albisteak