Mundua -
10 urte inbaitu zutela
Irakek bakearen bila jarraitzen du 10 urte geroago
10 urte dira AEBek Irak inbaditu zutela; eta irakiarrek miseria eta ezegonkortasun giroan bizitzen jarraitzen dute.
Erredakzioa
Irailaren 11ko atentatuek Irak begira-puntuan jarri zuten, baina ,arerio nagusia, Osama Bin Laden, Afgastinanen ezkutatuta zegoen, guztira 10 urte pasatu zituzten hura atzeman eta hil arte.
Sadam Huseinen Gobernuak Al Kaidarekin lotura zuela eta suntsipen handiko armak zituela zioten argudio faltsuak aitzakia hartuta, AEBek Irak inbaditzea erabaki zuten, nazioarteko oposizio zabalari muzin eginez.
Irakeko gerran, (laburra izan behar zuen, baina guztira 8 urte iraun zituen), milaka eta milaka herritar zibil hil ziren. Iraq Body Count Gobernuz Kanpoko Erakundeak kaleratutako datuen arabera, gerraren ondorioz 110.000 zibil irakiar eta 4.400 soldadu estatubatuar hil ziren.
Egun AEBetako herritarren % 53k Irakeko gerra akats bat izan zela uste dute, Gallupen galdeketa baten arabera.
Garai hartan AEBetako presidente zen George W. Bushek goizegi ospatu zuen garaipena, gerra hasi eta bi hilabete geroago, Bagdad mendean hartutakoan, "helburua bete" zutela adierazi baitzuen.
Bushen Administrazioak diseinatu zuen inbasio polemikoa Azoreetako Goi-bileran irudikatu zuten Tony Blairren, Jose Maria Aznarren eta Durao Barrosoren Gobernuek babestuta. Nazio Batuen Erakundearen babesik gabe eman zuten aurrera inbasioa, eta hori, alegia, nazioarteko zuzenbidearentzako kolpe gogorra izan zen.
Azoreetako argazkia: Tony Blair, George W. Bush y Jose Maria Aznar
2009ko otsailaren 27an Barack Obama AEBetako presidente hautatu berriak tropa estatubatuarrak 2010eko abuzturako Iraketik aterako zituztela hitz eman zuen, eta hain zuzen, hilabete horretan jo ziren amaitutzat borroka operazioak.
Eta 2011ko urriaren 21ean, herrialdearen egonkortasunean eta Irakeko segurtasun indarretarako jendea biltzeko lanetan aritu ziren AEBetako 40.000 soldaduen erretiratzea iragarri zuen Obamak.
Irak, 10 urte geroago
Inbasioa hasi eta 10 urte geroago, Irakek noraezean jarraitzen du, ezegonkortasun politikoak eta indarkeriak jarraitzen dute bertan.
Sadam Husein 2003an kargutik kentzeak sistema politiko berri baten eraketa eta Konstituzio baten ezarpena ekarri zituen, baina, ez dute herrialdeari normaltasuna itzultzea lortu.
Aldaketak botereen bereizketa eta erakundeetan oinarritutako Estatu baten sorrera eragin zituen, baina demokrazia ez da oraindik finkatu prozesu politikoa oinarri desegokiekin eraiki baitzen, hala ohartarazi dute adituek. Horren seinale dira herrialdeak bizi dituen etengabeko krisi politikoak.
Egonkortasunari ere ez diote batere lagundu herritarren egunerokotasuna dantzan jartzen duten indarkeria ekintzek. Ali al Sheij analistak EFEri eskeinitako elkarrizketa batean AEBei oinarri politiko sektarioak sortu izana aurpegiratu die, eta hori dela eta, Irakeko gaiak zuzentzeko desegokiak diren ordezkariek boterea hartu izana salatu du.
Halaber, Al Sheijen aburuz, Konstituzioa oso azkar idatzi zen, 2005eko urrian erreferendum baten bitartez onartu zen, eta horrek, bere ustez, ezegonkortasun politikoa luzatu du, izan ere, idatziak jasotzen dituen artikulu asko nahasiak dira eta era desberdinetara interpretatu daitezke.
Demokraziaren izenean inbadituak eta bonbardatuak izan eta 10 urtera, Irakek % 50eko langabezia tasa du eta gehiengoa diren hiru etnien arteko elkarbizitza ezinezkoa da. Hala ere, irakiarrek tunelaren amaieran argia ikusteko itxaropenarekin eta krisirik gabeko etorkizun batekin amesten dute.