Mundua -
Sarraskia Kenyan
137 bahitu hil zituzten Nairobin, Al Shabab miliziaren arabera
Kenyako segurtasun indarrek merkataritza-gunera arma kimikoak jaurti zituztela salatu du milizia erradikalak Twitter sare sozialean.
Erredakzioa
Nairobiko Westgate merkataritza-gunean 137 bahitu hil zirela adierazi du gaur Al Shabab milizia erradikal islamiarrak.
"Mujahidinak menperatu ezinik, Kenyako Gobernuak gas kimikoak barreiatu zituen merkataritza-gunearen barruan erasoarekin amaitzeko", salatu du Al Shababek Twitter sare sozialean.
Uhuru Kenyatta Kenyako presidenteak eta Gobernuak Westgaten gertatutakoaren erantzukizuna dutela esan du Al Shababek. Mujahidinek "137 pertsona atxiki" zituztela errepikatu du.
Merkataritza-gunea eraistearekin Kenyako Exekutiboak "froga guztiak eta bahituak hondakinen azpian lurperatu ditu", erradikalen hitzetan.
Kenyako segurtasun indarrek arma kimikoak merkataritza-gunera jaurti zituztela azaldu du milizia erradikalak.
Talde terroristak bahitutako pertsona guztiak hil zituzten ekintza horrekin, Al Shababek azaldu duenez.