Mundua -
Israel
Ariel Sharon bere etxaldean lurperatu dute, Gazako Zerrendatik gertu
Mundu osoko agintariak joan dira hiletara. Simon Peres Israelgo presidenteak eman dio hasiera ekitaldiari, eta Joe Biden AEBko presidenteordeak lehen ministro ohi zenaren lana goraipatu du.
Erredakzioa
Ariel Sharon Israelgo lehen ministro ohia bere arrantxoan lurperatu dute astelehen honetan, Gazako Zerrendatik gertu. Ekitaldian, Sharonen semeek eta Israelgo armadaren estatu nagusiko buruak hartu dute parte. Bertan izan dira ere Benjamin Netanyahu, Israelgo lehen ministroa; Shimon Peres, presidente israeldarra eta nazioarteko hainbat agintari, tartean Joe Biden eta Tony Blair. Guztira, atzerriko 21 ordezkaritza izan dira ehorzketan, Israelgo komunikabideen arabera.
Agintariek lore-eskaintza egin dute Sharonen hilobian, eta jarraian lurperatu dute Israelgo banderaz estalitako hilkutza.
Segurtasun neurri zorrotzak izan dira ekitaldian, Sharonen finka Gazako Zerrendatik bost kilometrora baitago.
Joan den larunbatean hil zen Sharon, 2006tik Tel Aviveko ospitale batean koman egon ostean.
Eguneko hirugarren ekitaldia
Sharonen alde egunean zehar egin duten hirugarren ekitaldia izan da ehorzketa. Aurretik, hileta ekitaldia egin dute Parlamentuko zelaian eta, jarraian, gorpua Latrungo kuartel militarrera eraman dute, bertan zauritu baitzuten Sharon 1948an, eta han jasoko du Armadaren omenaldia.
Goizean, Parlamentuko zelaian egin duten ekitaldian, mundu osotik joandako agintariak bildu dira, baina bigarren mailakoak. Simon Peres presidente israeldarrak eman dio hasiera ekitaldiari, eta "gure herriaren segurtasunaren akuilu" izatea eskertu dio zendu berri den Sharoni. Era berean, "lagun, buruzagi eta militar handia" izan zela adierazi du.
"Sharonen bizitza Israelgo Estatuari estu lotuta dago, eta haren arrastoa bazter guztietan geratu da", Peresen esanetan.
Bestalde, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministro eta hil berri den agintariaren etsai politiko nagusiak azpimarratu du Sharon "buruzagi pragmatikoa" izan zela, eta, beti ados egon ez baziren ere, "haren pragmatismoa herri juduarekiko eta Israelekiko maitasunean oinarrituta zegoen".
Parlamentuko ekitaldian AEBko ordezkariak zeuden, Joe Biden presidenteordea buru. Horiekin batera, Ekialde Hurbilerako 'laukote'tzat jotzen denaren burua, Tony Blair, Jiri Rusnok Txekiar Errepublikako lehen ministroa, Sergey Naryshkin Errusiako Parlamentuko presidentea eta Frank-Walter Sterinmeier Alemaniako Atzerri Gaietarako ministroa ere izan dira ekitaldian. Espainiako Gobernuaren izenean, Jorge Fernandez Diaz bertaratu da.
"Bidea erakusten zuen izarra"
Joe Biden AEBko presidenteordeak Sharonen jokabidea goraipatu du, eta "bidea erakusten zuen izarra" zuela eta haren helburua "Israel Estatuaren biziraupena" zela azaldu du.
"Harentzat oso garrantzitsua zen AEBekiko harremana, eta lehen ministro zenean lan handia egin zuen indartzeko", adierazi du Bidenek.
Ekitaldian hitz egin duten beste agintarietako bat Tony Blair Britainia Handiko lehen ministro ohi eta Ekialde Hurbilerako bidali berezia izan da.
Horren esanetan, Sharonekin izan zituen "lehenengo elkarrizketak oso zailak" izan ziren, lehen ministro israeldarrari "ez zitzaizkion protokoloak gustatzen", eta bilera ofizialetan, "Israelen iritzia azaltzeko, zerrendak irakurtzen zituen behin eta berriz".
Hori dela eta, Blairrek Londresera gonbidatu omen zuen Sharon, elkarrekin afaltzeko, protokolorik gabeko ekitaldi batean, eta bertan ezagutu zuen "benetako Arik".