Mundua -
Turkia
Polemika Erdoganek semearekin ustez izandako elkarrizketa baten harian
Grabazio horretan, Erdoganek etxean gordeta dituen 30 milioi euroak beste leku batean ezkutatzeko esaten dio semeari.
Erredakzioa
Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak semeari etxean gordeta duen dirua beste leku batean gordetzea eskatzeko telefonoz izan omen zuen elkarrizketa aireratu du NTV kateak. Polemikaren ondorioz, Gobernua desegitea eskatu dute, baina lehen ministroak ukatu egin du elkarrizketa benetakoa izatea.
"Lehen ministroak eta semeak telefonoz izan omen zuten elkarrizketa ez da benetakoa", argitaratu dute Gobernuko buruaren webgune ofizialean.
Oposizioko hiru alderdietako bik, Herriaren Alderdi Errepublikanoak (CHP) eta Ekintza Nazionalaren Aldeko Mugimenduak (MHP), premiazko bilerak egin zituzten astelehen gauean, grabazio hori hizpide.
"Gobernuak legitimitatea galdu du, eta lehen ministroak, lapurreta eta ustelkeria kasuek eraginda, dimisioa aurkeztu behar du", esan du Haluk Koç CHPren presidenteordeak.
Grabazio horretan, Erdoganek etxean gordeta dituen 30 milioi euroak beste leku batean ezkutatzeko esaten dio semeari.
Joan den abenduaren 17an, ustelkeriaren aurkako operazio batean, hainbat ministroren seme-alaben etxebizitzak miatu ostean izan omen zuen lehen ministroak semearekin elkarrizketa hori.
Azken asteetan, Gobernuko hainbat goi-kargudunek izandako elkarrizketak aireratu dituzte, eta Erdoganek berak horietako bat benetakoa dela onartu du. Elkarrizketa horretan, agintaria telebista kate pribatu batekin hitz egiten entzun daiteke, albistegian aldaketa bat egitea eskatzeko.