Mundua -
Diplomazia
Cameronek lehen bisita ofiziala egingo du Israelera eta Palestinara
Britainiar buruzagi kontserbadorea Palestinar Aginte Nazionaleko presidentearekin bilduko da ostegunean, Belenen.
Erredakzioa
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak aste honetan bi egun emango ditu Israel eta palestinar lurraldeak bisitatzen. 2010ean kargu horretara heldu zenetik, bere lehen bisita ofiziala da.
Cameronek asteazken honetan goi mailako bilera ugari izango ditu. Horien artean Benjamin Netanyahu bere homologo israeldarrarekin izango duen elkarrizketa eta Parlamentu israeldarreko bilkura berezian egingo duen agerraldia nabarmendu daitezke.
Halaber, hurrengo ostegunean Belenera bidaiatuko du, Mahmud Abas Palestinar Aginte Nazionaleko presidentearekin biltzeko. Bertan, israeldarrek eta palestinarrek uztailetik bizi duten bake prozesuaren inguruan hitz egingo dute.
Netanyahurekin izandako lan-bileraren ostean, israeldarren lehen ministroaren egoitza ofizialean prentsaurrekoa emango dute elkarrekin, Israelgo Exekutiboko buruzagiaren bulegoak ohar batean adierazi duenez.
Arratsaldean, Ximon Peres presidentearekin bilduko da eta Jerusalemeko Holokaustoaren Museoa bisitatuko dute. Bertan, lore-eskaintza egingo dute nazismoaren sei milioi biktima juduen omenez.
Cameronek 2007an ere bisitatu zuen museoa, kontserbadoreen buruzagia zenean. Avner Shalev Yad Vashem museoko presidenteak, Ume txiki batentzako postalak liburua oparituko dio. Liburuak Henry Fonerren istorioa kontatzen du, sei urterekin Alemaniatik Erresuma Batura joan behar izan zuen ume batena.
Britainiar buruzagiak oposizioan zegoenean herrialdea bisitatu zuen, baina lehen ministro kargua hartu zuenetik bertara egiten duen lehen bisita ofiziala da.
Cameronek bidaia otsailean egiteko asmoa zuen, baina, uholdeen ondorioz, bidaia bertan behera utzi behar izan zuen.