Mundua -

Israelen operazioa Gazan

Israeli kritika, NBEko eskola baten kontrako eraso berri baten ondoren

Ban Ki-Moonek salatu duenez, hainbat aldiz jakinarazi diote Israelgo Armadari NBEko babeslekuak non dauden.

Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusia. Artxiboko irudia: APTN
Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusia. Artxiboko irudia: APTN
Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusia. Artxiboko irudia: APTN

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak Nazio Batuen Erakundeko Rafah eskola baten kontra egindako erasoak kritika ugari eragin ditu nazioartean.

Ban Ki-Moon NBEko idazkari nagusiak erasoa gaitzetsi eta ikerketa lehenbailehen egiteko eta arduradunak justiziaren aurrera eramateko eskatu du. Aipaturiko erasoan gutxienez 10 zibil hil ditu Israelek.

"Irain moral eta ekintza kriminala izan da", salatu du Ban Ki Moonek. Ohar batean, Rafahko eskolaren kontrako erasoa nazioarteko legediaren urraketa larria dela eta erantzuleek zigorra merezi dutela adierazi du.

Horren esanetan, NBEko aterpeek gune seguruak izan behar dute eta salatu duenez behin baino gehiagotan adierazi diote Israeli gune babestu horiek non dauden. "Eraso hori eta nazioarteko legedia urratu den beste hainbat kasu ere ikertu egin behar dira eta arduradunek horiengatik ordaindu beharko dute", nabarmendu du.

Amaitzeko, Gazan su-etena lortzeko eta bi aldeen arteko negoziazioei berriz ekiteko eskatu du. "Eromen honek amaitu egin behar du", gaineratu du.

AEBko Gobernuak "izugarritzat" jo du erasoa

AEBko Gobernuak "izugarritzat" jo du Israelek NBEko eskola baten kontra egindako erasoa eta zibilen heriotza saihesteko ahalegin handiagoa egin behar duela adierazi du.

Estatu Departamentuak oharra kaleratu du eta bertan zoritxarreko erasoa izan dela nabarmendu du. AEBko Gobernuak azpimarratu duenez, "eskolaren koordenadak hainbat alditan jakinarazi zaizkio Israelgo Armadari".

"Israelek zibilen heriotza saihesteko gehiago egin behar duela berretsi nahi dugu. Hamaseko militanteak inguruan dabiltzanaren susmoak ez ditu zibilen bizitza arriskuan jar dezaketen erasoak justifikatzen", nabarmendu du AEBko Gobernuak.

Hori dela eta, gertaera hori lehenbailehen ikertzeko eskatu dio Israeli.

Gazan indarkeria "berehala" amaitzeko eskatu du Europak

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak Gazan indarkeriari "berehala" amaiera emateko eskatu dute. Halaber, Hamasek jaurtitako koheteen aurrean, Israelek "neurriko" eskubidea duela bere burua defendatzeko, azpimarratu dute.

Ohar bateratu batean, Gaza hiru asteotan pairatzen ari den "indarkeria onartezina" dela adierazi dute. Epe horretan hil diren pertsonak, tartean emakumeak eta haur errugabeak, eta zauritutako pertsonak gogoan izan dituzte, eta ondasunak eta pertsona askoren bizibidea suntsitu izana tamalgarritzat jo dute. "Hau berehala gelditu behar da", azpimarratu dute.

Bestalde, Hamasek Israelen kontra etengabe botatzen dituen koheteak ere gaitzetsi dituzte, eta "herritarrentzat mehatxu onartezina" dela gaineratu dute.

"Sarraskia amaitu egin behar da", adierazi dute. Halaber, Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak eta nazioarteko beste hainbat buruzagik egindako eskariarekin bat egin dute, eta bi aldeei borrokari amaiera emateko eskatu diete.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 NBE Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Israel albisteak azken ordukoa Palestina gaur Umeak albisteak gaur Ekialde Hurbila gaur