Mundua -
Gaza
Su-etena luzatzeko eskatu die Egiptok palestinarrei eta israeldarrei
Bi aldeetako ordezkariak Kairon daude, tregoa sakonago bat adosten saiatzeko. Gazako Zerrendaren blokeoa bertan behera geratzea eztabaidagai nagusia da.
Erredakzioa
Punturik konplexuenak negoziatzeko testuinguru berri bat ahalbidetzea eskatu die gaur Egiptok palestinarrei eta israeldarrei. Horrela, su-etena luzatzeko eskatu die Kairok bi aldeei, besteak beste, Gazako Zerrendaren blokeoarekin bukatzea negoziatzeko.
Israel eta Hamas zorrotz betetzen ari dira atzo Gazan abiatutako 72 orduko su-etena.
Bien bitartean, bi aldeetako ordezkariak Kairon daude, tregoa sakonago bat adosten saiatzeko. Egiptoko Gobernuak bitartekari lanak egingo ditu.
Negoziazio hasiberriak
Zeharbidezko negoziazio sorta batean parte hatu dute gaur aldeek, Palestinako miliziek Mohamed al Tohami Egiptoko zerbitzu sekretuetako buruzagiarekin elkarrizketa izan dute esaterako.
Gazaren eta Israelen arteko mugak irekitzeko aukera mahai gainean dago; izan ere, Zerrendako blokeoa bertan behera utziko luke horrek. Palestinarren baldintza horixe da, eta elkarrizketetan gaia jorratuko dute.
Indarkeria areagotzea saihesteko modua beste eztabaidagaia da. Horretarako, krisia behin betiko konpontzeko testuinguru berri bat bultzatu nahi dute. Zentzu horretan, Palestinako Estatuaren sorrera gakoa izan daiteke.
Suhiltzaileak lanean Gaza hirian. Argazkia: EFE
Palestinako ordezkaritzak egunak daramatza Kairon eta milizia nagusiek ordezkariak dituzte bertan. Besteak beste, indarkeria etetea, Zerrendako blokeoa bukatzea, presoak askatzea eta arrantza eskubideak eskatuz agiri bat entregatu zien Palestinako ordezkaritzak Egiptoko agintariei.
Israelek ordezkaritza asteartean bidali zuen eta erantzun bat Egiptori emango dio. Erantzunaren berri ostegun honetan emango dio Kairok Palestinako ordezkaritzari.
Erasoaldiaren ondorio ankerrak
Israelek uztailaren 8an abiatu zuen Gazaren aurkako erasoa, Zisjordanian hiru gazte israeldar bahitu eta hil zituztelako. Orotara 1.867 palestinar hil ditu Armadak, eta 9.563 zauritu.
Biktima gehienak (% 80 inguru) zibilak dira, eta horietako 400, umeak.
Israelen aldetik, 67 dira hildakoak. 64 soldadu (Gazan lurreko inbasioan hasi eta gero hil dira, borroketan) eta hiru zibil, Hamasek jaurtitako suzirien ondorioz.
Guztira, Israelek 4.800 bonbardaketa egin ditu, eta 5.000 milioi dolarreko kalte materialak eragin ditu.
Gaza errauts eginda dago, tartean eskolak, ospitaleak, hedabideen egoitzak, etxebizitzak, eraikin publikoak, ur eta argindar azpiegiturak eta zentralelektriko bakarra.