Mundua -

Gatazka Gazan

Israelek su-etenari eusteko eskakizunak aurkeztu ditu

Su etenaren inguruko eztabaidak porrot egitekotan "toki guztietan" Israelgo okupazioaren aurka borrokatzeko eskatu die Hamasek palestinarrei.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: EFE.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: EFE.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazan su-etena lortzeko Palestinako ordezkariekin eztabaidatzen ari den Israelgo Gobernuaren ordezkaritzak eskakizunak aurkeztu ditu Egipton azken orduetan, eta, Palestinako iturriek jakinarazi dutenez, Hamasekin hitzartutakoa baztertzen saiatu dira.

Iturri horiek azaldu dutenez, Palestinako ordezkaritzaren ustez, israeldarrak atzera egiten ari dira eta eztabaiden hasierara bueltatu dira.

Israelgo ordezkaritzak Kairok proposatutako su-etenari eusteko eskakizunak aurkeztu zizkien atzo bitartekari egiptoarrei, eta, Tel Aviveko agintariekin hainbat kontsulta egin ostean, Egiptoko hiriburura bueltatu zen, eztabaidekin jarraitu ahal izateko.

Bart Hamaseko hainbat kide joan ziren Kairora Gazatik eta Dohatik. Hala, Egiptoko zerbitzu sekretuek israeldarren proposamenak helarazi zizkieten ordezkari palestinarrei.

Hamasek Gazako politika eta indar militarrak zuzentzen ditu, eta duela zazpi urte ezarritako blokeo ekonomikoa eta eraso militarrak bertan behera uzteko eskatu dio Israeli, eta Egiptoko muga eta Zisjordaniarako bidea irekitzeko.

Israelek, bere aldetik, Gazako Zerrenda desmilitarizatzea eskatu du. Hala ere, David Levy adituaren ustez, gaur egungo egoeran ia ezinezkoa da hori lortzea.

Eztabaidak porrot egitekotan okupazioaren aurka borrokatzeko eskatu die Hamasek palestinarrei

Su etenaren inguruko eztabaidak porrot egitekotan "toki guztietan" Israelgo okupazioaren aurka borrokatzeko eskatu die Hamasek palestinarrei, jakinarazi du Al Ray albiste agentziak.

Hedabide honen arabera, "eztabaidak porrot egiten badute, Hamasek armak hartzeko eta okupazioaren kontra borrokatzeko deia luzatu die Gazako eta Zisjordaniako herritarrei".

2.000 palestinar baino gehiago hil dituzte Gazan

Israelek 2.000 palestinar baino gehiago hil ditu Gazan joan den uztailaren 8an erasoa hasi zuenetik.

Zerrendako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, 2.016 hildakoen % 75 zibilak ziren, eta hildakoen kopuruak oraindik ere gora egin dezakeela aurreratu du. Izan ere, 10.196 zauritu daude, horietako asko egoera larrian.

Hildakoen artean, 541 ume, 250 emakume eta 95 adineko daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken orduko albisteak Gazako albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Israel Palestina gaur Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean? Hamas gaur Benjamin Netanyahu gaur