Mundua -
Gatazka
Gazako erasoak irailera arte iraungo duela esan du Netanyahuk
Bestalde, Israelen hegazkinek egindako bonbardaketa batean bi urteko haurtxo bat eta 17 urteko mutil bat hil dira.
Erredakzioa
Benjamin Netanyahu Israeleko lehen ministroak hitz-erdika esan duenez, gaur egun Gazako Zerrendaren kontra egiten ari diren erasoaldia egun gehiago luzatuko da "Israelek ez baititu helburuak lortu".
Gobernuaren iganderoko bilera hasi aurretik, Gobernu buruak prest egoteko esan die herritarrei, seguruenik erasoaldiek ikasturtea hasten denean jarraituko dute eta, hau da, irailera arte.
"Gazako biztanleriari Hamasek ekintza terroristak egiten dituen lekuetatik alde egiteko eskatzen diot. Leku horiek guztiak helburu dira guretzat", esan du Netanyahuk.
"Operazioak gure helburuak lortu arte jarraituko du. Baliteke denbora gehiago behar izatea, eta prest gaude ikasturtea hasi eta ondoren ere operazioarekin jarraitzeko", gaineratu duenez.
6 hildako igande honetan
Israelek sei palestinar hil eta dozenaka zauritu ditu igande honetan Gazan egindako hainbat erasotan.
Israelen hegazkinek Sheij Radwan -Gaza iparraldean- auzoan egindako bonbardaketa batean bi urteko haurtxo bat eta 17 urteko mutil bat hil dira, eta beste bost pertsona zauritu, osasun zerbitzuetatik jakinarazi dutenez.
Ashraf al Qedra Gazako Zerrendako Osasun Ministerioaren bozeramalearen esanetan, beste pertsona bat hil da Tallinin, Deir al Balahn, etxebizitza baten kontrako bonbardaketan, eta beste 10 zauritu dira. Al Qedraren arabera, azken eraso horretan hildakoen kopuruak gora egin lezake, larrialdi zerbitzuak hondakinen artean lanean ari baitira oraindik.
Beste palestinar bat hil dute Palestina estadioaren inguruan gidatzen zihoan autoa bonbardatu ondoren. Halaber, hainbat oinezko zauritu dira.
Bestalde, Larrialdi zerbitzuek gizonezko baten gorpua erreskatatu duten Deir al Balahneko etxebizitza batetik.
Azkenik, Israelen beste bonbardaketa baten eraginez bi pertsona hil dira Gaza hiriaren ipar-mendebaldean eta hamar lagun zauritu dira.
2.100 hildako baino gehiago
Israelek Gazaren kontrako operazio militarra abiatu zuenetik 2.110 palestinar hil eta 10.500 zauritu ditu, Palestinako Agintariek egindako azken balantzearen arabera.
Bestalde, Nazio Batuen Erakundeak 460.000 desplazatu zenbatu ditu, Gazako biztanleetatik lautik bat.