Publizitatea
Itxi

2014/09/26

12:28

Mundua

Erresuma Batua

EIren kontrako borrokak 'urteak' iraungo duela esan du Cameronek

Erredakzioa

Ezusterik izan ezean, Estatu Islamikoak Iraken dituen gordelekuen kontra airezko erasoak egiteko baimena emango du gaur Parlamentu britainiarrak.

0:00
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Irakeko Gobernuak Erresuma Batuari aste honetan egindako eskaera izango du aztergai gaur Komunen Ganberak. Iraken Estatu Islamikoaren aurka erasoak hasi edo ez erabaki beharko dute ezohiko batzarrean. Hain justu, David Cameron lehen ministro britainiarrak Estatu Islamikoaren (EI) kontrako borroka ezinbestekoa dela agertu du, eta "hilabeteak barik, urteak" iraungo duela nabarmendu du. Haren ustean, nazioaren segurtasuna bermatzeko nahitaezkoa da erasoetan parte hartzea.

Cameronek ekin dio Komunen Ganberako eztabaidari. Azpimarratu duenez, EIren "basakeria" Erdi Arokoaren tankerakoa da.

Ezustekorik izan ezean, Komunen Ganberak aireko erasoetan parte hartzea onartuko du. Izan ere, kontserbadoreak, laboristak eta liberaldemokratak Iraken EIren guneen kontrako erasoak egitearen alde agertu dira; ez, ordea, Sirian.

Ezohiko saioa da gaurkoa, Eskoziako erreferenduma eta alderdiak egiten ari diren kongresuak direla eta, ez baitago jarduerarik Komunen Ganberan.

Haider Al Abadi Irakeko lehen ministroak laguntza eskatu ondoren deitu ditu parlamentariak Cameronek. Nazio Batuen Erakundeak aste honetan egin duen batzarrean egin dio eskaera Erresuma Batuari Irakeko agintariak.

Erresuma Batuko Gobernuaren aburuz, Parlamentuaren onespenak legitimitatea emango die Iraken Estatu Islamikoaren kontra egiten ari diren erasoei. 2003ko ekainean Erresuma Batuak AEBrekin batera Irakeko gerran parte hartu zuen, eta egoera hark desadostasun ugari sortu zituen.

Eztabaidak Irakeko bonbardaketak izango ditu ardatz, eta ez Siriakoak. Parlamentari asko erasoak Sirian egitearen aurka agertu dira. 2013ko abuztuan Siria bonbardatzea proposatu zuen Cameronek, baina Parlamentuak atzera bota zuen asmoa.

Erresuma Batuko hedabideen arabera, Ganberak Iraken Estatu Islamikoaren aurka bonbardaketak hastea onartuz gero, asteburu honetan bertan izan litezke britainiarren lehen erasoak.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea:
  • Erresuma Batua
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;