Mundua -

Ukraina ekialdea

Zakhartxenkok botoen % 70etik gora eskuratu ditu Donetsk eskualdean

Kremlinek bozak babestu ditu, baina Ukrainako agintariak aurka agertu dira.

Hauteskundeak egiten ari dira Donetsken eta Lugansken. Argazkia: EFE
Donetsk eta Lugansk hauteskundeak EFE
Hauteskundeak egiten ari dira Donetsken eta Lugansken. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aleksander Zakhartxenko Donetsk "herri errepublika" izendatu zuen lehen ministroak botoen % 70 baino gehiago eskuratu ditu Donetsken, Hauteskunde Batzordeak emandako datuen arabera.

"Botoen erdiak zenbatuta, Aleksander Zakharchenko hautagaiak botoen % 70 baino gehiago eskuratu ditu", adierazi du Roman Liagun Hauteskunde Batzordeko presidenteak.

Guztira, Donetsk Errepublika Alderdiak botoen % 60 eskuratu ditu Donetsk eta Luhansk eskualdeetan.

Parte-hartzea handia izan dela nabarmendu du Hauteskunde Batzordeak, eta guztira milioi bat lagunek baino gehiagok parte hartu omen dute.

Ukraina ekialdeko Donetsk eta Luhansk errepublikak presidentea aukeratzeko hauteskundeak ospatu dituzte igande honetan. Emaitzek bi errepublikak Moskura gerturatuko dituela uste da. Kremlinek bozketak babestu ditu, baina Ukrainako agintariak aurka agertu dira. “Hauteskundeetan parte hartzen dutenak terrorismoaren konplize izango dira”, esan du Ukrainak.

Bi errepublikek irailean onartu zuten hauteskunde lege berria. Horretan jasotzen denez, datozen lau urteetarako presidentea eta Parlamentua zuzenean aukeratzeko ahalmena dute.

Ukrainak, Ameriketako Estatu Batuek eta Europar Batasunak ez dituzte hauteskundeak aitortzen, aurrez adostutako akordioak urratzen dituztela uste baitute. Adostutakoaren arabera, hauteskundeak abenduan egin behar zituzten, Ukrainako hauteskunde legearen baitan. Errusiak, bestalde, hauteskundeen emaitzak aitortuko dituela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ukraina Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Hauteskundeak