Mundua -

Urteko errepasoa

2014ko nazioarteko albiste garrantzitsuenak

Kubaren eta AEBren adiskidetzea, Estatu Islamikoa, Jean Claude Juncker eta Errusia izan dira, besteak beste, urteko protagonistak munduan.

Kuba eta AEB, Estatu Islamikoa, Juncker eta Malala, 2014an nazioartean albiste izan ziren.
Kuba eta AEB, Estatu Islamikoa, Juncker eta Malala, 2014an nazioartean albiste izan ziren.
Kuba eta AEB, Estatu Islamikoa, Juncker eta Malala, 2014an nazioartean albiste izan ziren.

IRATXE ETXEBARRIA | EUSKADI IRRATIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urte luzez izoztutako harremana epeldu duen urtea bezala gogoratuko da 2014a Kuban eta AEBn. Castrotarren erregimenak, AEBrekin harremanak normalizatzea erabaki du. Kubako presidenteari, Raul Castrori, harro entzun diogu iraultzaren printzipioei eustea lortu duela 57 urtean: "Urte hauetan printzipio horiek defendatzen jausi zirenei horiei leialtasuna erakutsi diegu". Isolamenduak ez duela ezertarako balio izan onartu du Barack Obama AEBeko presidenteak: "57 urte ostean, isolamenduak ez du ezertarako balio izan, gerturatze berri baten garaia da".

Urteko beste protagonista Estatu Islamikoa izan dela esan daiteke. San Pedro egunez aldarrikatu zuen kalifatza. Irak eta Siria artean indartsu egin dira eta Raqqa, Faluya edota Mosul bezalako hirien kontrola hartu dute muturreko jihadistek. Adituek uste dute 100.000 ere izan daitezkeela borrokalariak, Abu Bakar Al Bagdadiren agintaritzapean denak.

Kazetari eta boluntarioei lepoa mozten ikusten den bideoekin erakutsi dute arerioarenganako gorrotoa. Momentuz, airez egiten diete eraso. Bere kontra aurrez aurrez Peshmergako kurduak ari dira, urtearekin amaitu ez den Kobaniko setioan.

Txinak, orain arte ez bezala, klima aldaketaren alde egiteko konpromisoa hartu du AEBekin batera. Mundua gehien kutsatzen duten bi herrialdeek klima aldaketaren kontrako borrokan parte hartuko dutela hitza eman dute. Anbizio handiko akordioa da izenpetutakoa, baina gauzatzeko modukoa, Obamaren esanetan.

Jean Claude Juncker CE efe

Jean Claude Juncker CE efe

Jean Claude Junckerrek kargua hartu orduko, ustelkeriaren mamua uxatu behar izan du. Luxenburgoko lehen ministro zela enpresa handiei emandako erraztasun fiskalen auzia ingeniaritza fiskal bezala aurkeztu du.

Afrika mendebaldetik izan dugu ebolaren berri. Nigerian, Boko Haram muturreko talde islamistak apirilaren 14an 200 neskato baino gehiago bahitu zituen eskola batean. Talibanen aurrean emakumeen ikasteko eskubidea aldarrikatzerako ordua erakutsitako irmotasunagatik, Malal Yousafaik jaso du Bakearen Nobel saria.

Errusiak nazioarteari potentzia izaten jarraitzen duela erakutsi dion urtean, egoera ekonomiko zailean amaituko du. Errubloa azken urteetako egoerarik zailenean dago, nazioarteak jarritako zigor ekonomikoen ondorioz. Garesti atera zaio, Ukrainako errusiarzaleak babestu izana.

Martxoaren 18an Krimeak Ukraina izatea utzi zion eta Errusiar federazioari batu zitzaion. Ukrainak Krimea galdu du baina Ekialdeko Donesk eta Luganskeko eskualdeen gaineko kontrola ere galdu du. Irtenbide zaileko beste gatazka bat piztu da.

2014 urtea gogoratzerakoan, ahaztuko ez ditugunak, hegazkin istripuak izango dira. Aurten hegazkin istripuz 1.158 lagun hil dira, iaz baino 900 lagun gehiago. Genevako hegazkin istripuen artxiboaren arabera, urte hau azken 80 urteetako urterik txarrena izan da hegazkingintzarentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketaren albisteak Munduko albiste garrantzitsuak Batasun europarra Ukraina Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Errusia bideoak Europako Parlamenturako Hauteskundeak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Larrialdi klimatikoa