Mundua -

Gauerditik indarrean

Ukrainan su-etena betetzen ari dela baieztatu dute behatzaileek

Gatazkako bi aldeetako -ukrainarrek eta errusiazaleek- bozeramaleek eraso zehatzak izan direla salatu dute, baina gatazka-gune nagusienean akordioa betetzen ari dira eta ez dago bonbardaketarik.

Gudari ukrainarrak, Donetsketik gertu dagoen kanpaleku batean, atseden hartzen. EFE
Gudari ukrainarrak, Donetsketik gertu dagoen kanpaleku batean, atseden hartzen. EFE
Ukrainak eta errusiazaleek su-etena haustea leporatu diote elkarri

1:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Segurtasun eta Lankidetzako Erakundeak Ukrainara bidalitako misio bereziak baieztatu duenez, ukrainarrak eta errusiazaleak atzo 23:00etan (gauerdia Ukrainan) indarrean sartu zen su-etena errespetatzen ari dira orokorrean, nahiz eta zenbait gorabehera izan diren.

"Lehen 12 orduetan su-etena errespetatu egin da, jazoera batzuk gorabehera, bereziki, Dabaltsevo, Raigorod eta Luhansk hirietan", adierazi du Ertugrul Apakanek Europako Segurtasun eta Lankidetzako Erakundeak Ukrainara bidalitako misio bereziko buruak.

Su-etena urratu egin dutela esanez, baieztatu gabeko hainbat salaketa jaso dituztela aitortu du. Hala ere, azpimarratu du beraiek bildu dituzten datuak herrialdean zehar dituzten behatzaileek bidalitakoak direla.

Hollandek, Putinek, Poroxenkok eta Merkelek su-etena betetzen ari dela egiaztatu dute

Frantzia, Errusia eta Ukrainako presidenteek eta Alemaniako kantzillerrak telefono bidezko elkarrizketa bat izan dute egunean zehar eta Ukrainako su-etena betetzen ari dela egiaztatuz dute. Horien esanetan, "oro har, gogobetegarria izaten ari da, nahiz eta badiren azkar konpondu beharreko jazoera lokal batzuk".

François Hollande, Vladimir Putin, Petro Poroxenko eta Angela Merkel bat etorri dira Minskeko akordioan aurreikusitako hurrengo pausoak emateko beharrari dagokionean, Frantziako Presidentetzak ohar batean jakinarazi duenez.

Su-etenaren hurrengo pausoak arma pisutsuak erretiratzean, su-etenaren jarraipena eta egiaztatzea egitea eta Ukrainako legedia errespetatuz, udal hauteskundeak egitea.

Hala ere, gatazkaren bi aldeek (ukrainarrek eta errusiazaleek) erasoaldi zehatz batzuk salatu dituzte.

Ukrainako Armadako bozeramale baten esanetan, su-etena betetzen ari dira “orokorrean” eta oldarraldiak gutxitan izan dira, ez daude orokortuta.

“Gatazka-gune nagusienean su-etena betetzen ari da, orokorrean (…). Bonbardaketa gutxi izan dira, leku zehatzetan”, esan du Bladislav Selezniov ordezkariak.

Halere, Anatoli Stelmach beste bozeramale baten esanetan, “separatistek Ukrainako” zenbait taldeen kontra tiro egin dute, hamar bat aldiz su-etena indarrean dagoenetik.

“Momentura arte, otsailaren 15ean goizean, hamar bonbardaketa jaso ditu gure Armadak, gehienak Debaltseve inguruan”, gaineratu du Stermachek.

Reuterseko berriemaile batek, horren ildotik, baieztatu egin du Debaltseve inguruan tiroak egin dituztela, 08:00ak aldera. Herria errusiazaleen menpean dago, leku estrategikoa baita.

Donetskeko Herri Errepublikak salatu duenez, Ukrainako Armadak su-etena hautsi du Yenakiievo eta Gorlivka hirietan, baita Donetskeko aireportuaren inguruko bestelako guneetan ere.

DAN albiste agentziaren arabera, talde separatistek tiro egin dute euren burua defendatzeko, Ukrainako Armadak su-etena hautsi eta gero, Debaltseven. “Unitateek tiro egin behar izan dute, erantzuteko”, Eduard Basurin bozeramalearen hitzetan.

Aurreko ostegunean, Ukrainako, Errusiako, Frantziako eta Alemaniako agintari nagusienek Minsken adostutako su-etenak indarkeriarik gabe gune bat sortzea eta gatazka-gunetik arma astunak kentzea aurreikusten du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albiste garrantzitsuak EB Ukraina azken orduko Errusia argazkiak Vladímir Putin argazkiak François Hollande bideoak Angela Merkel argazkiak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa