Mundua -
ISRAEL
Gazara laguntza zeraman 'Askatasuna III' flotilla abordatu du Israelek
Abordatzea salatzeko, Gazara Bidean erakundeak manifestazioa deitu du biharko, Madrilen, Atzerri Gaietarako Ministerioaren egoitzaren atarian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gazara laguntza humanitarioa zeraman 'Askatasuna III' flotilla abordatu du, gaur goizaldean, Israelgo Armadak. Hain zuzen, flotilla horretako Marianne ontzia geldiarazi dute soldaduek. Ekintzaileek sendagaiak eta laguntza humanitarioa zeramaten, eta Israelek Gazan ezarrita duen blokeoa haustea zen helburua.
Israelgo Armadak ohar baten bidez jakitera eman duenez, "bide diplomatiko guztiak agortu ondoren, azkenean, Israelgo Gobernuak flotilla abordatu eta norabidez aldarazteko agindua eman du".
"Nazioarteko legedia jarraituz, Israelgo Armadak hainbat aldiz ohartarazi zien ontziko arduradunei, norabidez aldatzeko. Ezezkoa jaso ostean, Armada ontzia ikuskatzera joan zen eta Gazako eremuan sartzeko asmoa zuela ikusita, abordatzea beharrezkoa izan zen. Ez genuen indarra erabili beharrik izan", gaineratu dute militar israeldarrek oharrean.
Ashadodeko portura eramango dute ontzia, Israel hego-ekialdera. 12 eta 24 ordu artean beharko dute horretarako. Flotillan hainbat herrialdetako ekintzaileak zihoazen, tartean espainiarrak.
Abordatzea salatzeko, Gazara Bidean erakundeak manifestazioa deitu du biharko, Madrilen, Atzerri Gaietarako Ministerioaren egoitzaren atarian.
Netanyahuk abordatzea txalotu du
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Armadaren lana txalotu du, "modu erabakigarri eta eraginkorrean Marianne ontzia gelditzea lortu dutelako".
"Israelgo Armadako marinelak eta komandanteak zoriondu nahi ditut, Gazara legez kanpo sartu nahi zuten ekintzaileak geldiarazi dituztelako", esan du lehen ministroak.
Gazako kostatik 100 miliatara atzeman dute ontzia. 18 ekintzaile zihoazen bertan, tartean Basel Ghatas diputatu palestinarra, Moncef Marzouki Tunisiako presidente ohia edota Ana Miranda eurodiputatua.