Mundua -

Grezia

Gobernuak eta hartzekodunek berkapitalizaziorako egutegia adostu dute

Greziako Finantza ministroak atzo adierazi zuenez, dagoeneko adostu dituzte bazkideekin bankuak berkapitalizatzeko aldiak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziak eta nazioarteko hartzekodunen ordezkariek, negoziaketen gaineko lehendabiziko balioespena egin zuten atzo, asteazkena. Nahiz eta oraindik zenbait kontu zehazteke geratzen diren, balorazio orokor positiboa egin zuten, eta banketxeak berkapitalizatzeko egutegiari buruzko akordioa erdietsi zutela ere adierazi zuten.

Politika Ekonomikoari buruzko Gobernu Batzordearen bileraren ostean, Greziako Finantza ministroa Euklides Tsakalotosek hedabideen aurrean azaldu zuen adostu dituztela bazkideekin banketxean berkapitalizatzeko aldiak.

"Bai mailegu-emaileek, bai guk prozesua ahalik eta azkarren gauza dadila nahi dugu; hau da, urte bukaerara arte".

Hori horrela izan arren, ministroak argitu zuen koadro teknikoei buruzko hiru edo lau kontu erabaki behar dituztela oraindik, eta horiek denbora gehiago beharko dituztela.

Desadostasunik nabarmenena zor berankorrak Grezian nola landu behar dituzten zehazteko orduan azaldu ziren. Arazo hori datorren aste hasieran konpontzea espero dute.

Halaber, Tsakalotosek Greziako Gobernuak gauzatu behar dituen erreformen gaineko agenda ere mintzagai izan zuen, eta horren harira esan zuen aztertu egin behar dela zein erreforma egingo diren orain eta zein egingo diren urrian, zeinek jarraituko duen aurrera eta nolako eragina izango duten urte fiskalean zein hazkundean.

Hartuko liratekeen neurri berrien artean, tokiko hedabideen arabera, honako hauek leudeke: erretiro aurreratua bertan behera geratzea, zero defizitaren klausula pentsio-kutxetara hedatzea, zenbait sektoretan zergak igotzea, sektore publikoko gutxieneko soldata murriztea, kaleratzeak liberalizatzea eta nekazarien zerga-sistema birmoldatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Greziako albisteak Greziako Finantza ministro ohia