Mundua -

HAUTESKUNDEAK

ZUZENEAN: Hauteslekuak ireki dituzte Grezian

Inkesten arabera, Syrizak herritarren % 64ren babesa izango du; Demokrazia Berriak, % 84rena. Varoufakis ministro ohiak babestutako Herri Batasunak botoen % 3 lor ditzake.

Greziak beste hauteskunde-hitzordu bat du bihar. Argazkia: EFE
Greziak beste hauteskunde-hitzordu bat du bihar. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde aurreratuak ditu Greziak igande honetan. Horren harira, aurten hirugarrenez, greziarrak hauteslekuetara itzuliko dira. Herrialdeak 11.032.328 biztanle ditu, eta horietatik 9.836.997 greziar boza ematera deituta daude.

eitb.eus-ek hauteskunde-egunaren jarraipen berezia eskainiko du.

Greziako hauteslekuak 07:00etan ireki dituzte (06:00etan bertako orduan), eta 19:00etan itxiko (18:00etan) dituzte, 56 barrutitan, hain zuzen ere. Guztira, 19.161 hautesleku izango dira. 5.000 sakeleko telefonoetatik datuak igorriko dituzte hauteskunde-egoitza nagusira.

Lehian izango diren alderdi politiko nagusiak honako hauek dira: Syriza, Demokrazia Berria, Urrezko Egunsentia, Herri Batasuna (Syrizatik banandutako alderdia), To Potami, Greziako Alderdi Komunista, Greziar Independenteak eta PASOK Mugimendu Sozialista Panhelenikoa.

Alexis Tsipras Syrizako buruzagiak Atenasen bozkatuko du, 10:00ak aldera. Ordubete geroago egingo du Vangelos Meimarakis Demokrazia Berriko hautagaiak, baita Atenasen ere.

Eguneko giltzarriak

Abstentzioa eta ezbaian dauden boto-emaileak dira hauteskundeetako giltzak. Izan ere, inkesta gehienen arabera, boto-emaileen % 10-15ek oraindik ez dakite nori emango dioten botoa. Abstentzioari dagokionez, ez da ia daturik eman.

Grezian botoa ematea derrigorrezkoa da, baina normalean ez da isunik jartzen legea urratzen bada. Aurreikuspenen arabera, urtarrileko hauteskundeetan eta erreskatearen inguruko erreferendumean baino jende gehiago geratuko da etxean.

Inkesten arabera, Syrizak urtarrilean bere alde egin zuten herritarren % 64ren babesa izango du; Demokrazia Berriak, berriz, % 84. Urrezko Egunsentia alderdi neonazia, berriz, hirugarren indarra izango da, ia seguru, botoen % 6,2-6,7 artean eskuratuko baitu.

PASOKeko sozialdemokratek, KKEko komunistek eta To Potamiko zentristek ordezkaritza lortuko dute Parlamentuan; eserlekuen % 5 eta % 7 artean lortuko dituzte. Hortik aurrera, lausoagoak dira emaitzak. Syrizatik banatu direnek sortutako Herri Batasunak, baina, ordezkaritza lortuko omen du.

Syrizaren zatitzea

Urtarrileko hauteskundeek piztu zuten itxaropenarekin ez du batere zerikusirik kaleko giroak. Orduan Syriza faboritoa zen eta azkenean Tsipras lehen ministro izendatu zuten botoen % 36,34rekin, murrizketekin bukatu behar zuela eta ekonomiaren susperraldia pixkanaka-pixkanaka helduko zela agindu ondoren.

Orduan 'ezker erradikalari' botoa sekula eman ez zion jendeak Syriza hautatu zuen herrialdearen egoerarekin etsita. Zortzi hilabete geroago, egoera ekonomikoa apenas aldatu da, baina herritarren aldartea guztiz aldatu da.

Gainera, Yanis Varoufakis Finantza ministro ohiak babestutako Herri Batasuna alderdi berriak botoen % 3 inguru lortuko luke.

Meimarakis, Demokrazia Berriaren itxaropena

Erreferendumean Demokrazia Berriak jasotako porrotak ('baietza'ren aldekoa) buruzagi aldaketa ekarri zuen: Antonis Samarasek dimisioa eman zuen, eta Vangelos Meimarakis lider berria izendatu zuten. Ministro ohiak gora egin du inkestetan, eta ezustekoa eman dezake biharko hauteskundeetan.

Koalizio handia

Inkestek diotenez, Syrizak irabazi dezake, baina oso alde estuarekin, hori dela eta, koalizio handia egitera behartuko dute Tsipras.

Syrizak eta Demokrazia Berriak osatutako balizko koalizioa hori da, hain justu, nazioarteko herrialdeei gehien gustatzen zaiena, baina, momentuz, nahiko urrun dago. Bigarren aukera honako hau izan daiteke: hauteskundeak irabazten dituen alderdiak alderdi txikiekin negoziatzea, esaterako, To Potamirekin edo PASOK sozialistekin.

Urrezko Egunsentia

Igande honetako beste gako bat Urrezko Egunsentia alderdia izango da. Litekeena da hirugarren indar bihurtzea, botoen % 7 inguru eskuratuta. 2013ko irailean Urrezko Egunsentiko jarraitzaile batek Pavlos Fyssas abeslari ezkertiarra hil zuen. Horren ondorioz, alderdi horretako hainbat kide espetxeratu zituzten. Dena dela, agertoki politikoan jarraitzea lortu du alderdi horrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grezia Albisteak